Elhuyar Fundazioa
Gure ingurumena
Eguneratze-data 2004/12/13
Zientzia-hiztegiak Dibulgazio-liburuak CAF-Elhuyar sariak
Artikuluak
Habitat eta komunitate estuariotarrak
1996/07/01 | Villate, Fernando |

Ingurune-konplexutasunaren arabera, zenbait habitat eta komunitate bereiz daitezke estuarioetan. Ur zabalean habitat pelagikoak kokatzen dira eta sedimentu bigun zein gogorretan habitat bentikoak. Estuario sakonetako ekoizpenik handiena komunitate pelagikoena da, baina azaleko estuarioetan, komunitate bentikoen ekoizpena nagusitzen da.

Habitat eta komunitate pelagikoak

Ur-zutabeko habitat eta komunitateak gazitasunaren arabera bereizten dira nagusiki. Beraz, estuarioko goialdean habitat ibaitarra eta behealdean habitat itsastarra ager daitezke, baina ur geza eta gazia nahasten diren heinean, habitat gazikarak edo propioki estuariotarrak ezarriko dira.

Estuarioetan ur-zutabeko habitat eta komunitateak gazitasunaren arabera bereizten dira nagusiki. Habitat eta komunitate bentikoak berriz, gazitasunak ezezik substratu-motak eta esposizioak bereizten dituzte. (F. Villate)

Habitat oligohalinoan (‰ 0.5-5 bitartean) ibaiko urak garraiatutako partikula txikienak eta koloideak flokulatzen dira, uraren uhertasuna areagotuz. Horrexegatik, tarte oligohalinoan elikagai ez-organikoen kontzentrazioa oso altua izan arren, fitoplanktonaren (alga planktonikoen) ekoizpena mugatuta dago argia falta delako. Hala ere, komunitate heterotrofo garrantzitsua bizi daiteke ibaiko urek dakartzaten gai organikoei esker. Beraz, zooplanktona (animalia planktonikoak) ugaria da, baina espezie-dibertsitatea txikia, ipar-hemisferioko estuarioetan Eurytemora generoko kopepodoak erabat nagusitu direlarik.

Habitat mesohalino (‰ 5-18 bitartean) eta polihalinoetan (‰ 18-30 bitartean), itsas uraren portzentaia altuagoa den neurrian, partikulen kontzentrazioa eta uhertasuna txikiagoa da. Hori dela eta, tarte mesohalinoan, elikagai-kontzentrazioa maila altuan mantendu eta argi-erabilgarritasuna handitzean, alga fitoplanktonikoen garapen maximoa eman ohi da. Habitat horiei dagokien gazitasun ertaineko komunitatean, fitoplanktona diatomeoek, dinoflagelatuek eta nanoflagelatuek osatzen dute batik bat. Animalia planktonikoen artean kopepodoak (Acartia generokoak, batez ere) eta zenbait espezie bentikoren larbak (moluskuenak, poliketoenak ...) nagusitzen dira.

Habitat euhalinoak (> ‰ 30) habitat itsastarrarekin antz handiagoa hartzen du, elikagai disolbatu eta partikulatuen kontzentrazioak gero eta baxuagoak baitira. Ur euhalinoetan fitoplanktonaren garapena murriztuz doa. Zooplanktonaren biomasa baxuagoa da, baina dibertsitatea askoz altuagoa, alde horretara zabaltzen baitira talde eta espezie itsastar gehienak. Besteak beste, Calanus, Paracalanus, Acartia, Temora eta Oithona generoko kopepodo itsastarrak, kladozeroak, apendikulariazeoak, ketognatuak, marmokak eta sifonoforoak.

Habitat eta komunitate bentikoak

Alde bentikoan, substratu biguneko habitatak sedimentuko partikulen tamainaren, esposizioaren eta gazitasunaren arabera bereizten dira. Oro har, kanpoaldeko substratu hareatsuko habitatak ezegonkorrak dira eta ondo oxigenatuta daude. Substratu horietan mikrofitobentosen (alga unizelularren) garapena txikia da eta hondakin organikoak ez dira metatzen, korrontea altua delako.

Komunitate biotikoa beraz, heterotrofoa eta organismo iragazle eta mugikorrez osaturik dago. Dibertsitatea altua izan ohi da, baina biomasa txikia. Krustazeo txikiak, anfipodoak batez ere, poliketoak (Nephtys cirrosa, esaterako) eta karramarro eremitak (Pagurus spp) aipagarrienak dira.

- Balanoak (argazkian Chtamalus sp), kanpo aldeko substratu harritsuei lotuta, korronteak garraiatutako partikulen iragazle garrantzitsuak dira. (A. Elosegi)

Substratu lohitsu sakonetan mikrofitobentosaren ekoizpena argiak mugatzen du eta sedimentu-azalaren azpian ingurua anoxikoa bihurtzen da, metatutako materia organikoaren deskonposaketagatik. Egoera horretan, animalien dentsitatea eta biomasa txikiak dira, espezie gehienak sedimentiboro direlarik. Habitat horretan, bibalbio (Abra alba esaterako), poliketo eta itsas-triku zulatzaileak (Echinocardium cordatum) dira aipagarrienak sedimentu barnean, eta azalean berriz Ophiura itsas izarra eta Philine gastropodoa dira.

Marearteko lautada eta azaleko substratu submarealeko habitatak kosta-lautadako estuarioetan eta barra-estuarioetan garatzen dira batik bat. Gune horietan ekoizpen biologikoa oso altua da, batez ere lohitsuak badira. Mikroalgen ekoizpena eta kontsumitzaileen (meiofauna eta makrofaunaren) biomasa altuak dira, espezie-dibertsitatea altua ez izan arren. Harea lohitsuko komunitatean organismo garrantzitsuenak zenbait poliketo eta bibalbioak (Cerastoderma edule edo berberetxoa, esaterako) dira. Gazitasun aldakorreko harea lohitsuko komunitateetan Arenicola marina zizare estuariotarra nagusitzen da, beste poliketo espezieak, bibalbioak (Cerastoderma, Macoma) eta gastropodoak (Hydrobia ulvae) marearteko gunean ere ugariak direlarik.

Gazitasun aldakorreko edota txikiko lokatzezko komunitateetan, bibalbioak (Scrobicularia plana) marearteko gunetara mugaturik, eta poliketoak (Hedistes diversicolor) nagusitzen dira. Itsasoaren eraginaren mugan, gazitasun baxuko lokatzetako komunitatea oligoketo eta zizare tubikolez osaturik dago sedimentu barnean eta marearteko azalean alga berde-urdinen (zianofizeoen) eta diatomeoen estalkia sarritan beha daiteke. Oso gazitasun baxuko gune honetara ur gezatako zenbait ornogabe ere zabal daiteke.

Padurak, estuarioak bezala, komunitate gazteak dira, gaur egungo gehienak duela 3 mila urte inguru agertzen hasi baitziren, itsas mailaren azken gorakadaren ondorioz. (J. L. Terés)

Batzuetan, kanpoaldeko sedimentu bigunetan azaleko makroalga-komunitate garrantzitsua ezartzen da, nagusiki Laminaria, chorda edo Europako estuarioetan inbaditzailea den Sargassum muticum alga handiek osatua. Zostera itsas belarrezko larreak ere garatzen dira sarritan estuarioetan: Z. marina gazitasun altuko aldeetan eta Z. noltii eta Z. angustifolia gazitasun baxuagokoetan.

Substratu gogorretako edo harkaitzeko habitaten espezie-banaketa gazitasunak eta esposizioak mugatzen dute eta oro har, habitat hauek itsasadar, fiord eta fiardetan garrantzitsuagoak direla esan daiteke. Kanpoaldeko komunitateko biztanle arruntenak gastropodoak (Littorina spp) eta zirripedioak (Chthamalus spp) dira marearteko goiko aldean, muskuiluak (Mytilus spp) eta lapak (Patella spp) erdian eta alga gorriak (Corallinacea) behekoan.

Alga nabarrak ere (Fucus, Ascophyllum eta Laminaria) ere gune hauetako erdi eta beheko aldetan ugariak dira. Gazitasun aldakorreko komunitatean espezieen dibertsitatea murrizten da eta zenbait alga nabarren garrantzia (Ascophyllum eta Fucus-ena esaterako) nabariagoa da. Komunitate horietako espezie tipikoen artean. zenbait zirripedio (Semibalanus eta Elminius), briozoo, anfipodo eta alga berde (Enteromorpha spp) daude. Gazitasun baxuko komunitatean alga nabarren agerpena (Fucus vesiculosus eta F. ceranoides-ena batik bat) nabaria bada ere, goiko aldean Blindigia eta Rhizoclonium alga berdeak dira nagusi. Gazitasun oso baxuko eskualdean itsas jatorrizko espezie gehienak ezin dira ezarri, gazitasuna murrizten delako eta azala zianofizeo eta diatomeo firukarek kolonizatuta agertzen da.

Inguruko sistemak

Ur-mailaren gora-beherekin erlazionatuta, hezegune bereziak aurkitu ohi dira estuarioen inguruetan: latitude epeletan padurak eta tropikoetan mangladiak.

Mangladietan ur eta lehorraren arteko baldintzetarako moldapen bereziak erakusten dituen komunitate aberatsa bizi da. (A. Elosegi)

Padurak, estuarioak bezala, komunitate gazteak dira, gaur egungo gehienak duela 3 mila urte inguru agertzen hasi baitziren, itsas mailaren azken gorakadaren ondorioz. Olatuetatik babestuta dauden lohi-guneetan garatzen dira nagusiki. Estuario makromarealetan padura zabalak agertzen dira eta mikromarealetan berriz, agertzekotan txikiak. Sistema hauetan Spartina generoko graminea da zabalduena, Salicornia, Halimione, Juncus eta Plantago generokoak arruntak direlarik. Estuarioko goialdeetan eta ur gezatarako trantsizioan, espezie horien ordez Typha, Scirpus, Cyperus eta Phragmitesek osatzen dute padura-komunitatea.

Mangladiko komunitatea 12 edo generotako zuhaiska edota zuhaitz halofitikoek osotzen dute eta, ondorioz, oihan tropikalaren antza izaten du. Landare hauen sustraiak substratu gazi eta anaerobioan daudenez, moldapena morfologiko, anatomiko eta fisiologiko bereziak garatu dituzte; horrek gatzaren eragin kaltegarria gutxiagotzeaz gain, sustraiek arnasketarako behar duten oxigenoa lortzeko bidea ere eskaintzen du. Landarediari loturik, espezie-aberastasun handiko fauna dago; dibertsitate espezifikorik altuena Hego Asiako mangladietan behatu da.

Marearen eraginpean dauden bi komunitate hauetan, ekoizpen primarioa oso altua da, baina landareek ekoiztutako biomasa gehiena ez dute herbiboroek kontsumitzen eta detritiboro eta deskonposatzaileen probetxurako geratzen da. Horrez gain, padura edota mangladietan sortutako detritusen zati handi bat mareek garraiatzen dute beste leku batzuetara eta han elika-kate detritikoen oinarri bihurtzen dira.

Estuarioetako goi-kontsumitzaileak: arrain eta hegaztiak

Estuarioetan elikatzen diren hegazti harrapakari gehienak (argazkian Tringa nebularia) oso mugikorrak dira, eta marea-erritmoek gidatutako elika-joera izan ohi dute. (A. Elosegi)

Itsas zabaleko arrainek ez dute hondoaren behar handirik, baina estuarioetan hondotik erabat independente diren arrain-espezie gutxi daude. Espezie gehienak hondotik gertu edo substratuaren gainean bizi dira, nahiz eta zenbaitetan ur-zutabean ager daitezkeen.

Estuarioetako arrainak lau taldetan sailkatu ohi dira. Talderik ugariena itsas migratzaileek osatzen dute. Espezie hauek itsasoan bizi eta ernaltzen dira, baina gazteentzat oso egokia da estuarioa hazkuntza-gune gisa. Talde honetako espezie-kopurua emendatuz doa latitude altuetatik tropikoetara; barbarinak (Mullus sp), antxoak (Engraulis sp), arrain zapalak eta lengoraduak (Soleidae) dira ezagunenak.

Arrain anadromoek, izokinek (Salmo), gaizkatek (Acipenser), kodakek (Alosa) eta lanproiek (Petromyzontidae) esaterako, itsasotik itsasadarretan zehar migratzen dute ondoren ur gezatan ugaltzeko. Espezie anadromo hauek oso garrantzitsuak dira iparreko estuario hotzetan. Arrain katadromoak, berriz, eskasagoak dira eta ezagunenak aingirak (Anguilla spp) dira. Hauek, itsas sakonean ugaldu ondoren, ibaietara itzultzen dira. Estuarioko egoileek, hau da, bere bizi-ziklo osoa estuarioan ematen duten espezieek, tamaina txikia eta giza ekonomiarako balio eskasa dute oro har, baina estuarioko sare trofikoan garrantzitsuak dira oso. Talde horren barruan arrainik aipagarrienak zarboak (gobiidae), abixoiak (atheriniidae) eta zenbait klupeido dira.

Izokinek (argazkian Salmo salar) zenbait estuario zeharkatzeari utzi diote gizakiak eragindako kutsaduraren eraginez. (J. R. Aihartza)

Hegaztiak ere kontsumitzaile eraginkorrak dira estuarioetan, batez ere goiko eta erdiko latitudetako estuarioetan. Horietan egoile iraunkorrak ezezik (kaioak, ubarroiak, zenbait ahate eta padurako uroilandak, esaterako), espezie migratzaileak ere (hegazti hankaluzeak, antzarak eta zenbait ahate) azal daitezke; horrek aberatsa eta urtean zehar aldakorra den hegazti-komunitatea sorrarazten du.

Estuarioetako hegaztiak sailkatzeko orduan, janaria, jateko ohiturak eta marearekiko jan-iharduera hartu ohi dira irizpidetzat. Hegazti hankaluzeen taldean arrainez, karramarroz eta gastropodo txikiez elikatzen direnak aurki daitezke, lertxun, lertxuntxoak eta ibisak, esaterako. Bazterreko hegaztiek (txirri eta txirritxoak, kurlintak, harri-iraulariak, kuliskak, eta abar) oskoldun txikiak eta zizareak jaten dituzte batik bat, eta itsas mikek bibalbioak.

Oro har, hauek guztiek marearteko inguru lauetan eta azaleko substratuetan lortzen dute janaria, itsas-beheran. Hegazti arrantzaleak (ubarroiak, txenadak, itsas enarak ...) arrainez elikatzen badira ere, oskoldun pelagiko handiak ere harrapatzen dituzte, eta kaioek jaki desberdin asko kontsumitzen dituzte, zaborra barne. Ahateentzat, landareak dira mantenugai nagusia, baina animalia bentiko txikiei ez diete muzin egiten dieta osatzeko orduan. Padurako hegazti-komunitatean, zenbait espezie sustrai- eta kimu-jaleak dira, baina gehienak (padurako uroilandak, esaterako) substratuko gastropodo, oskoldun eta intsektuez elikatzen dira.


Artikulu berrienak:




Elhuyar Z. eta T. 110. zk.


Ikusi artikulua PDF formatuan


Bilatu:

  Hitza:
Bilaketa aurreratua

Copyright © 2004 Elhuyar Fundazioa - Eskubide Guztiak Erreserbatuta.
webmaster@elhuyar.com - Tel.: +34 943 36 30 40
800x600 eta Internet Explorer 5.5-entzat egokitutako gunea