Elhuyar Fundazioa
III. ZerNola Olinpiada martxan da!!
Eguneratze-data 2004/12/13
Zientzia-hiztegiak Dibulgazio-liburuak CAF-Elhuyar sariak
Artikuluak
Euskal Herriko kostaldea (II): Gipuzkoako padurak
1995/03/01 | Estonba Mintxero, Mikel |
(M.K. Urdangarin).

Gipuzkoako padurak

Gure irakurleek gogoratuko dutenez, aurreko hilabetean Euskal Herriko kostaldearen egoera aztertzeko artikulu-sortari hasiera eman genion. Lehenengo artikulu horretan, itsas paduren deskribapen sakona egin ondoren, Lapurdiko itsasadarretan ekosistema hauek duten egoera aztertu genuen. Oraingoan, berriz, Gipuzkoako lurraldera joko dugu, bertako paduren berri izatearren.

Gipuzkoako lurraldea, Mediterranioko eta Atlantiarreko isurialdeen arteko banalerroan jaiotzen diren luzera txikiko ibai ugariz josita dago. Dagoeneko jakingo duzuenez, hauetako bakoitzaren bukaeran, orain dela gutxi arte padura zoragarriak zeuden.

Gaur egun, lurralde honek izan duen industri garapen handiaren ondorioz, ibai-bailara ugarik eta ibai-bokale gehienek, giza presio handiak jasaten dituzte, Gipuzkoako padurak minimoetaraino murriztu direlarik.

Baina egoera hau azter dezagun zehazkiago.

Txingudi

Txingudi. Hendaiako padura. (Beltzenia). (M. Estonba).

Izen honen bidez ezagutzen da Nafarroan jaio eta Lapurdi eta Gipuzkoaren artean bere azken kilometroak egin ondoren, Bidasoa ibaiak itsasoarekin elkartzean sortzen duen badia.

Badia honetan, orain dela hamarkada batzuk zegoenarekin konparatzerik ez badago ere, padura-zabalera handiak mantendu dira. Dena den, esan beharra dago, giza presio ikaragarriak eta bertako hiru udalerrien (Irun, Hendaia eta Hondarribiaren) hedapen handiek, padura, lotzen zailak diren lau puskatan banatu dutela (Bidasoako irla, Plaiaundi, Beltzenia eta Jaizubia), hauek ere eraso gogorrak jasaten dituztelarik, hala nola dragaketak, betelanak, kanalizazioak, uraren poluzioa, isilpeko ehiza,...

Txingudik duen egoera tamalgarria izan arren, ornitologiaren ikuspegitik, hainbat nazioarteko erakundek garrantzi handiko ingurutzat onartu dute; bere kokapen estrategikoa (Pirinioen mendebaldeko muturrean) dela eta, migrazio-garaian bereziki, ehundaka hegazti-espezieren pasagunea eta geldiunea baita.

Txingudi. Jaizubiako ibarra. Atzean Plaiaundi eta Bidasoako irlak. (M. Estonba).

Aipatzekoa da Gipuzkoako apo lasterkariaren (Bufo calamita) populazio bakarra eta Euskal Herriko kostaldeko garrantzitsuena Txingudin agertzen dela. Aipamen berezia merezi du, padura honetan ikus daitekeen lore txuri deigarrizko Cochenaria pyrenaica aestuarina landare halofitoak ere, Euskal Herriko beste paduretan azaltzen ez delako.

Bere egoera legalari buruz, esan beharra dago azken 14 urte hauetan babes eta errekuperaziorako hainbat proiektu izan badu ere, orain arte lortu duen babes bakarra ehiza-erreserba izatea dela. Hala ere, 1991. urtean, Irun eta Hondarribiako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren ondorioz, aurten Eusko Legebiltzarrak behin-behineko onespena eman dio Txingudiko badiaren babes eta errekuperaziorako egitamu bereziari, hezegune garrantzitsu honentzat itxaropen-leiho txiki bat ireki delarik.

Pasaiako senaia

Pasaiako senaia. Portu-iharduerak itsasadar honen balio ekologikoak suntsitu egin ditu. (M. Estonba).

Gipuzkoako ekialdetik iragaten den 19 kilometro eskaseko Oiartzun ibaiak, garrantzi handia du bere bokalean Gipuzkoako itsas portu nagusia osatzen duen Pasaiako senaia eratzeko. Hauxe izan da, hain zuzen ere, senaia honen inguruan zabaltzen zen padura handi eta zoragarria desagertzeko arrazoia; berak betetzen zituen lurraldeak, gaur egun Pasaia eta Errenteriako herriek eta Portuko instalazioek okupatu baitituzte.

Aipatzekoa da Pasaiako portuko agintariek berriki kaleratutako portuaren antolamendurako egitasmoan jasotzen den kirol-kaiaren proiektua. Euskal Herrian planteatu diren egokienetarikoa da, ekologi garrantzi handiko ingurua suntsitu beharrean, erabat degradatutako alderdian instalatzea proposatu baitu, era berean alderdi honen itxura nabarmen hobetuko litzatekeelarik.

Urumea

Jaiotzaz nafarra den Urumea ibaia, Hernanitik sartzen da Gipuzkoan eta Kontxako badia famatuaren ondoan itsasoratzen da, bere azken kilometroak Donostiako kaleetan zehar kanalizatuta iragaten dituelarik.

Donostiako padurak. Urumeako padura zabalak aztarna txiki hauetara murriztuta geratu dira. Donostiako plan orokorrak azken arrasto hauek suntsitu nahi ditu; ibaia Loiolaraino kanalizatzea proposatzen baitu. (M. Estonba).

Halaxe da. Azken mende honetan Gipuzkoako hiriburuak izan duen hedapen ikaragarriak, asfaltoaren azpian utzi ditu Euskal Herriko hezegunerik ederrenetarikoak. Nahikoa da antzinako grabatuei begirada bat ematea, Donostia osoa Urumea eta Ibaeta ibaien padura, hareatza eta dunen gainean eraikita dagoela frogatzeko.

Padura zoragarri honen azkeneko arrastoak, oraindik kanalizatu gabeko ibaiaren bi ertzetan mantendu diren metro karratu gutxi batzuk dira. Hala ere, berriki kaleratutako Donostiako Plan Orokorrak, azken aztarna hauek ere suntsitzea planteatzen du; ibaia Loiolaraino kanalizatzea proposatzen baitu.

Oria

Gipuzkoako ibairik luzeena den hau, Aizkorriko mendizerran jaiotzen da eta bere 65 kilometroetan probintziako eskualde industrializatuenetarikoak zeharkatzen ditu, horren ondorioz bere uren kalitatea eta bere ertzen egoera penagarria delarik.

Harrigarria bada ere, goialdean eta erdialdean erabat degradatuta agertzen zaigun ibai honek, bere azken zatian, malda leuntzearekin batera, balio natural eta paisajistiko handiko meandro zoragarriak ditu, pixka bat beherago Gipuzkoan egitura naturala ongien mantendu duen itsasadarra irekitzen delarik.

Oriako padura. Portuetxeko padura (Aia). Gipuzkoan dagoen ederrenetarikoa da. (M. Estonba).

Itsasadar honek, gainerako guztien modura kanalizazio, dragaketa eta lehorketa ugari izan badu ere, oraindik padura-barrendegi zoragarriak (Portuetxe, Oribar, Txanka behekoan,...) eta egun mareen eragina galdua dutelako, hezegune ez-halafitoen ezaugarriak berreskuratu dituzten (Motondo,...) inguruak ere baditu.

Azken hauetan, hain zuzen ere, aurki dezakegu itsasadarreko herpetofauna joriaren ordezkaritzarik garrantzitsuena; hezegune artifizial hauek eskaintzen zuten nitxo ekologiko ugariak narrasti- eta anfibio-espezie desberdinek kolonizatu egin baitituzte. Honi, bertako baldintza klimatikoak medio narrasti eta anfibio atlantiarrak zein mediterraniarrak agertzen direla eta EAEko Hyla meridionalis-en populazio bakarra dagoela gehitzen badiogu, herpetofauna da, dudarik gabe, Oriako itsasadarraren berezitasuna.

Oriako itsasadarraren egoera aztertuta eta Euskal Herriko itsasadar gehienen egoera penagarria ezagutuz, batek baino gehiagok pentsatuko du itsasadar hau dagoeneko babestuta egongo dela. Ez, bada! Eusko Jaurlaritzako ingurugiro-sailburuordeak, Oriako hezeguneetarako babes- eta errekuperazio-plan berezia prestatu arren, eta Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak (LAZ-DOT) inguru hauek kontserbazio aktibozko figurapean babesteko asmoa badu ere, eraso eta mehatxu larriak jasaten ari da, Orioko udalaren aldetik bereziki; bere hedapen urbano eta industrialak alderdi baliotsu hauetako batzuk baitituzte helburu.

Inurritzako Erreka

Zarauzko padura. Inurritza errekak padura txiki bat kontserbatu du. (M. Estonba).

Zarauzko hondartzaren ekialdean itsasoratzen den luzera txikiko erreka hau, oharkabean pasatuko litzateke seguraski, Euskal Herriko gainerako itsasadarren egoera primerakoa balitz. Baina gehienen egoera tamalgarriak, erreka honek bere bokalean mantendu duen padura txiki eta duna zoragarriekin batera, ikerketa honetan kontutan hartzeko inguru bihurtu dute.

Dirudienez, MOPTMAk, Zarauzko udalak eta Zarauzko Izadi Taldeak lortutako akordioaren bidez, alderdi baliotsu hau babestu eta neurri batean berreskuratu egingo da, eseri eta lasai hitz egitea interes desberdinen arteko akordioa lortzeko modurik egokiena dela berriro ere frogatu delarik.

Urola

Zumaia. Beduako padura. Padura hau eta bere ingurua bitxi ekologikotzat onar daitezke. (M. Estonba).

Aizkorriko mendikatean jaio eta 55 kilometro igaro ondoren, Urola ibaia Zumaian itsasoratzen da, Euskal Herriko itsasadar politenetakoa sortuz. Itsasadar honetan, zabalera handiko padura-alderdi pare bat mantendu da: Bedua eta Xantixo, bietan ekosistema honetako landaredi halofitoaren ordezkaritza garrantzitsuak ezezik, migrazio garaian bereziki, hainbat eta hainbat hegazti-espezie desberdin ikustea normala delarik. Adibide modura, Beduan, Gipuzkoako lertxun hauskararen (Ardea cinerea) populazio negutiar handiena aurki dezakegula aipa daiteke, padura hauen limoetan batzuetan ikus daitezkeen limikoloen hegazti-espezieen kontzentrazioak handiak ahaztu gabe.

Zumaia. Xantixoko padura. Padura zoragarri hau kirol-kai baten azpian gera liteke, portu zuzendaritzan razionaltasuna nagusitzen ez bada.(M. Estonba).

Hau guztiaz gain, tertziarioko erlikiatzat onartu eta Zumaiatik mendebalderantz Euskal Herriko kostaldearen baso klimazikoa den artadiak Beduako padura osoa inguratzen du, alderdi hau Gipuzkoako bitxi ekologiko nagusi bihurtuz.

Zoritxarrez, azken urte hauetan Euskal Herriko kostaldea soiltzen ari den kirol-kaien sukarrak, bere begiak itsasadar honetara bihurtu ditu; Xantixoko padurara, hain zuzen. Orain arte alferrikakoa izan da Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak alderdi honen balio ekologikoak onartu eta goraipatzea, “Euskadiko natur barrendegien katalogoa” delakoan sartzea edo Lurralde Antolaketarako Zuzenbideen (LAZ-DOT) barruan Zorrotz gordetzeko alderdi izendatzea; Portu Idazkaritzak aurrera segitzen baitu bere kirol kaiaren proiektuarekin. Sekulako galera eragingo lioke gure ondare ekologikoari padura eder hau kirol-kai batez estalita geratuko balitz.

Zumaia. Beduako artadia. Hemen aurki dezakegu Gipuzkoako lertxun hauskararen (Ardea cineres) kolonia negutiarrik handiena. (J. Terés).

Deba

Mendebalderantz, Deba dugu Gipuzkoako azken ibaia. Bere jaiotzatik, Arlaban menditik, giza eta Industri presio handiak jasaten ditu, bere urek Europako poluzio-mailarik altuenetakoa dutelarik.

Deba. Debako padura argazkietan ikusten diren aztarna txiki horietara mugatuta geratu da, herriaren garapenaren ondorioz. (M. Estonba).

Bere itsasadarraren ezaugarririk nabarmenena, inguruko mendiek sortzen duten estugunea da. Honen ondorioz, bere padura zabalegia inoiz ez dela izan beldur gabe esan daiteke.

Dena den, gaur egun, lehengo padura horrek beteko lukeen eremurik handiena, Deba herriak okupatu du. Gainerakoa, bi zati txiki ezik, nekazaritzaran erabiliak izan daitezen lehortuak izan dira.

Ekologisten ustez, alderdi txiki horiek babesteak eta ahal den neurrian berreskuratzeak, Debako herriaren ondare ekologikoaren zati garrantzitsua kontserbatzea esan nahiko luke. Herriko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoek, ordea, ez dute gauza bera pentsatzen, itsasadarra antolatzeko atera berri duten proiektua aurrera aterako balitz, padura txiki hauek betirako desagertuko bailirateke.


Artikulu berrienak:




Elhuyar Z. eta T. 93. zk.


Ikusi artikulua PDF formatuan


Bilatu:

  Hitza:
Bilaketa aurreratua

Copyright © 2004 Elhuyar Fundazioa - Eskubide Guztiak Erreserbatuta.
webmaster@elhuyar.com - Tel.: +34 943 36 30 40
800x600 eta Internet Explorer 5.5-entzat egokitutako gunea