Orkideak ez dira landare haragijaleak,
baina erakargarritasunean behintzat haien
parekoak dira. Mundu osoko merkatua eta
bildumagile ospetsu aberatsen zerrenda luzea
dira horren erakusle.
Orkideak familia zahar eta zabala dira.
Hiru petaloko loreak dituzte. Oraingoz, 40.000
inguru espezie identifikatu dira, baina oraindik
milaka daudela aurkitzeke uste da. Hori gutxi
balitz, gizakiak, espezieak nahasiz, beste
100.000 hibrido inguru sortu ditu
laborategietan.
Hain familia zabala izanik, tamaina eta
kolore guztietakoak daude. Neurri
mikroskopikoetatik hasi eta futbol-baloiaren
tamainako lore-pila dutenetaraino. Eta
koloreetan zer esanik ez; exotikoak guztiak,
baina antzekoak bat bera ere ez. Dracula
generoa, esaterako, gorri ilunekoa da, baina
gehienek kolore bat baino gehiago dute: berde
iluna granatearekin, marfil kolorea arrosa
biziarekin, petalo horiak purpura koloreko
puntarekin… konbinazio guztiak, simetrikoak zein
erabat nahasiak. Oraindik literaturan soilik
dagoen orkidea bat ere bada: orkidea beltza.
|
Orkideek forma, kolore eta tamaina
desberdinak izaten dituzte. Ezaugarri berezi
horiek izan dira, hain zuzen ere, landare
preziatu egin
dutenak. |
Hainbeste tamaina eta kolore izanda,
formez ere ez da gutxiago espero. "Landare hauen
askotariko formek lilura sortzen dute. Txoritxo,
musker, intsektu, emazte, gizonezko eta abarren
antza dute. Batzuetan borrokalari sutsua
dirudite eta besteetan barregura sortzen duen
pailazoa" esan zuen Jakob Breyne botanikoak
1678an.
Nahasketa, ugalketa-motaren
fruitu
Orkideek hain forma, kolore eta tamaina
desberdinak edukitzearen arrazoia ugalketa-era
da. Orkidea-espezie gehienak ez dira
autopolinizatzen eta horrela material genetikoa
nahastu egiten da. Charles Darwinek zioen
bizirauteko borrokan landare konplexuek
polinizazio sinplea egiten dutenek baino hobeto
irauten dutela, informazio genetikoa nahasita,
egoera berrietara egokitzeko aukera gehiago
dutelako.
Polena landare batetik bestera
garraiatzeko, haizeaz, hegaztiez, tximeletez edo
erleez baliatzen dira. Horregatik, landareek
forma egokia eduki behar dute polena haizeak
eraman ahal izango duen leku batean gordetzeko
eta, bestela, intsektuentzat erakargarriak izan
behar dute.
Orkidea gehienak ez dira
autopolinizatzen, ezta beren polena era
artifizialean aplikatzen zaienean ere. Are
gehiago, espezie batzuentzat beren polena pozoia
izan daiteke lorezilera helduz gero. Intsektuak
erakartzeko ahalmenik gabe orkideak desagertu
egingo lirateke, baina erakartzeko trikimailu
bat baino gehiago direla medio, ez da
horrelakorik gertatu.
Orkidea askok beren intsektu
maitatuenaren antz handia izatea lortu dute.
Intsektu arrak, beren espezieko emea delakoan,
lorearen gainean pausatu eta polenaz bustitzen
dira. Huts bera bigarren aldiz egitean, lehen
lorearen polena bigarrenaren gainean uzten dute.
Hau da, lorea intsektua bera baino zuhurragoa
da.
Beste orkidea-espezie batzuek
intsektuaren harrapakinen itxura dute.
Botanikoek fenomeno horri pseudoantogonia
deitzen diote. Intsektuak, nahastuta, loreari
egiten dio eraso eta alferrikako borroka
horretan polenaz bustitzen da.
Beste zenbait espeziek erlea hurbiltzean
ixten den labelo bat dute. Beren asmoa erlea
polenaz igurztea izaten da, ez hiltzea. Erlea,
landarearen atzealdetik ihes egiteko, polenaz
bustita dauden hari nahasietatik pasatzera
derrigortuta egoten da, eta, horrela, loreak
bere helburua lortzen du.
Beste orkidea batzuek intsektu txikiak
erakartzen dituen nektarea edo perfumea
jariatzen dute. Ez pentsa gero perfumea beti
usain gozokoa izaten denik! Batzuek haragi
ustelaren usaina izan dezakete, baina txokolate
usainekoak ere badaude, baita intsektuek
preziatzen dituzten loreen usaina imitatzen
dutenak ere.
Neurririk gabeko
erakargarritasuna
|
Euskal Herrian ere badira orkideak,
adibidez irudiko Serapias generoa (Argazkia: Jon
Maguregi) |
Orkideek ez dituzte intsektuak eta
hegaztiak soilik erakartzen; pertsona asko eta
asko ere liluratu dute, koloreagatik,
usainagatik edo beste zenbait bitxikeriagatik.
Baina 1906an argitaratutako artikulu batek
dioenez, orkideen xarma hazten diren
lekuetaraino heltzean datza. Orkideak era
guzietako gaixotasunak dauden aintziretan, baso
tropikaletan, indigenak bizi diren leku
urrunetan, etab. aurkitu izan dira;
abenturazaleentzat eginkizun aproposa,
beraz.
Orkideen aurkikuntzaren urterik oparoenak
XIX. mendearen erdi-aldetik XX. mendearen
hasiera artekoak izan ziren. Garai hartan, lan
horretarako aurkezten zenak indartsua eta
ausarta behar zuen izan, abenturan joan bai,
baina itzultzeko batere ziurtasunik ez
baitzegoen.
Gaur egun orkideen komertzioak urtean
10.000 milioi dolar mugitzen ditu, eta landare
arraro batek 25.000 dolar balio dezake.
Tailandia da orkidea-esportatzaile handiena.
Landareak esportatzeaz gain, 30 milioi dolarreko
diru--sarrera lortzen du lore-sortak egiteko eta
soinekoetan erabiltzeko saltzen dituen loreekin.
Orkideak erostea bezain garestia da haiek
zaintzea. Orkideetan espezializatuta dauden
zaintzaile bereziak daude, eta baita
orkideentzako egoitzak ere. Horietara, oraindik
lorerik eman ez duen orkidea eramaten da eta
lorea ateratzen zaionean jabeak etxera eramaten
du erakutsi ahal izateko. Bildumagile batzuek
landare bat baino gehiago edukitzen dute
egoitzan eta hilero 2.000 dolar ordaintzera
irits daitezke.
Orkideen bilduma egiteko diruduna izatea
ezinbestekoa dela argi dago, eta kasu ezagunak
badira. Besteak beste, Monopoly jokoaren
asmatzaile Charles Darrow 46 urterekin jubilatu
zen, jokoari esker irabazi zuen dirutzarekin
orkideen bilduma egitera dedikatzeko. Japan
Airlines-eko sortzaileak beste hainbeste egin
zuen. Michihiro Fukashima, negozioen munduak
nazkaturik, oso gazterik erretiratu zen eta bere
akzio guztiak emaztearen izenean utzi ondoren,
harreman denak eten eta bere 2.000 orkideak
hartuta Malaysiara joan zen.
Gara-ko Geltokia gehigarrian
argitaratua.
|