Gorbeiako gailurretik hegoalderantz
jaisten diren mendi-lepoetan, nolabaiteko horizontaltasuna duten lur
iragangaitzak izateak, iraun egiten duten putzuak eratzen dira.
Zohikaztegi txikiak eratzen dira bertan, eta goroldioa eta putzuetara eta
tenperatura baxuetara bereziki egokiturik dauden bestelako landareak
ugaltzen dira. Esfagnoa izaten da nagusi goroldioei dagokienean,
poliki-poliki bertikalean hazten den espeziea. Beheko aldeak trinkotu
egiten dira azpian, materia organikozko geruza osaturik, eta urak eta
hotzak mugak jartzen dituzte, nekez biziko direlarik bertan ornogabeak eta
deskonposizioa eragiten duten mikroorganismoak. Sakonean behin gogortzen
denean, zohikatz bihurtuko da, berotzeko gaitasun txikia duen
landare-ikatza, batez ere lorezaintzan erabiltzen dena.
Esfagnoen
artean, berriz, giro hauetakoak baino ez diren landareak agertuko dira,
koipetxoa eta eguzki-ihintza esaterako. Putzuz jositako lurraren
nitrogenorik eza konpentsatzeko, landare hauen hostoek eltxoak eta tamaina
txikiko intsektuak harrapatzen dituzten muzilagoa dute, eta elikagai balio
izango dieten nitrogedun konposatuak erauzteko, harrapakinen gorputzak
liseritzen dituzten entzimak ekoizten dituzte. Koipetxoa ez da hazten
zohikaztegietan soilik, lurralde guztiko horma hezeetan baino. Arrosatxo
eran antolatzen diren hosto berde biziak nabarmen ageri dira harkaitzen
arrailei gogor eutsirik.
Esfagnalen inguruetan, sastraka
herrestaria hazi ohi da, zohikaztegietako eta ziliodun txilarrak nagusi
direla. Putzuek hain tinko irauten ez duten tokietan, sakabanaturik
agertzen dira urkiak, eta ugaria izaten da anbulua, lur azidoak eta
ikuziak daudela adierazten duen landarea .
Mendialdeko toki heze hauetan bizi dira
igel gorria, apo arrunta eta uhandre palmatua. Gorbeiako zohikaztegien
kontzentraziorik handiena Larreakortako trokaren burualdea k osatzen duen
lepoaren goiko aldeetan ematen da, Menoiotik Berretinera doan zubian, eta
Oderiagaren hegoaldean eta Sintxitako trokan.
Zohikaztegiek, baina,
erakusgarri hobea eta zabalagoa izan zuten Saldropo inguruetan, Barazarren
ondoan.
Saldropokoa ez ezik, beste esfagnal eta toki heze batzuk
(txilardi hezeak eta beste toki putzudunak) aurki daitezke Gorbeiako
Parkean: Martintxua, Beraso, Sakutu-Sekelekularre, Legortxiker, Algorta
eta Austigarmin. Larrederreko parajean ere, badira dozena erdi bat alde
zingiratsu edo lupetsu.
Saldropoko Toki
Hezea
Zeanuri udalerrian dago (Bizkaia),
Atxuriko haitzen oinean, Gorbeiako mazizoan.
Orain urte asko ez
dela, ekosistema berezia zegoen toki honetan, Saldropoko zohikaztegia
izenaz ezaguna zena. Ekologiaren aldetik balio handikoak diren alde
zingiratsuak dira zohikaztegiak eta bertatik ateratzen da,
lehorketa-prozesua gauzatu ondoren , zohikatza. Zohikatz horren
ustiapenerako erabili izan zen prozesuak eragotzi egin zuen toki hau
zohikaztegi gisa lehenera itzul zedin.
Biologiaren aldetik tokiak
eskaintzen zituen aukeren jakitun, ordea, 1990.ean ekin zitzaien antzinako
zohikaztegia toki heze gisa ontzeko neurriei eta, neurri horietan
aurrenekoa, ordurako jadanik hainbat intsektuk, anfibiok eta uretako
landarek kolonizatuta zeuzkaten putzu guztiak zaintzearena izan
zen.
Atzera itxi ziren drenajeak ur-lamina areagotzeko xedearekin,
landareak kolonizatu gabeko gai agorren mendixkak lautu egin ziren,
esparruaren ingurua hesiak jarri ziren aziendak eraso ez ziezaien, eta
zuhaixken hesi naturala landatu zen toki hezea kanpoko eraginetatik
babesteko eta, horrekin batera, faunaren hainbat espezierentzako,
hegaztientzako bereziki, erakargarri, aterpe eta elikagai izan
zedin.
Suspertze-prozesua bizkortzeko, urki
ugari landatu da bertan, izan ere, antzina hainbat eta hainbat omen
zeuden-eta, bertan, oraindik egokiro gorde izan diren eta, toki hezearen
ertz batean, zohikatzaren artean ikusgai dauden enborren antzina-antzinako
arrastoek erakusten digutenez.
Saldropoko lautada guztian zelai
hezeak eta putzudun tokiak nagusitzen diren arren, toki hezeak berak 3
hektarea inguru okupatzen ditu. Euri urak eta urtaroen artean alde handiak
badaude ere, uraren presentzia etengabea izan dadin bermatzen duten iturri
txiki batzuek elikatzen dute funtsean. Bertan putzuak eta munak, antzinako
drenaje-zanga eta zohikatzaren lekukoa den azalera txiki bat daudelako
igar dezakegu zein den toki hezea.
Landaredia: Landare haragijaleak,
uretako hirusta, zenbait goroldio-espezie, zingiretako txilarra eta
antzinako zohikaztegian ohiko ziren beste hainbat landare-motarik apenas
dagoen gaur egun toki hezean, bertan irauteko aukera ematen zien
substratua bertatik atera egin zelako. Landare horietako zenbait,
Saldropoko esparruan desagerturik dagoen arren, bada oraindik inguruetako
zohikatz-aldeetan.
Landarerik gabeko munen kolonizazioan azkar
batean dabiltza landare aitzindari batzuk. Urarekin lotuta egoten diren
landareak dira bertako epsezi-kopurua etengabe ugalduz doana. Batzuk
aipatzearren, ezin utzi ditzakegu esan gabe ihiak, lezka hostoestua,
belar-tximista eta Potamogetum poligonifolius, Gliceria fluitans eta
Groenlandia densa izenekoak. Esparruaren barruan, berriz, badira gorostiak
ere, haritz aleren batzuk eta basa-madariondoak, elorri zuriak, sahatsak
eta duela gutxi birlandatu diren urkiak.
Saldropon aurkituko
ditugun espezieetako beste bat txilarrena da (Daboecia cantabrica, Erica
vagans, Calluna vulgaris eta hain urria den Erica tetralix), azafrai eroa,
zohikaztegietako errosta eta ahabia. Zohikaztegian antzina zeuden
landareen arrastoren bat ere antzeman dakieke beraietako
batzuei.
Fauna: Fauna da, halatan ere,
Saldropoko Toki Hezea bereziago bihurrarazten duen ezaugarria. Tximeleta
ikusgarrien espezieak asko eta asko dira (Papilio machaon, Inachis io),
bai eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, urarekiko zerikusia duten
bestelako intsektuak ere: kolore biziak dituzten orratzak eta burduntziak.
Putzuen barruan igerian aurkituko ditugu uretako intsektuak: atzeka igeri
egiten duena, txalupa-zaina eta kakalardo urpekaria.
Putzuak eta
esparruko uretako landareak aparteko biotopo gertatzen dira anfibioen
hazkunderako. Gaurdaino hamar espezie katalogatu izan dira bertan,
euretariko batzuk, populazio garrantzizkoekin: igel berdea eta igel gorria
besteak beste. Beste batzuk ez dira hain ugariak, baina badira bertan, San
Antoneko igeltxoa, igel bizkorra, uhandre alpinoa eta abar.
Saldropon aurki daitezkeen hegaztiak,
oro har, banaketa zabalekoak dira, bai toki hezeko zuhaixketan habiak
egiten dituztenak artzandobi arrunta, pitxartxar burubeltza, berdantza
horia), eta bai lantzean behin agertzen diren bisitariak eta inguruetako
birlandaketetan bizi direnak ere (hegabera, oilagorra, zata, miru beltza,
zapelatz arrunta, mirotz zuria, kukua, eta abar).
Toki hezeak, hala
ere, harrera ornitologikorako gaitasun handia dauka bere baitan, hegazti
migratzaileak bertatik igarotzen direlako eta, batez ere, estazio
biologiko den aldetik, Saldropoko lautada guztia "Ehizerako Erreserba"
izendatu izan delako.
Senderismoa: Inguru bikaina da
Gorbeiako Parke Naturala senderismoan jarduteko. Saldropoko Toki Hezea
inguratzen duen bidexka gezi horiz dago seinaleztaturik, eta bide emango
digu ekosistema baliotsu honetaz gozatzeko eta bertako altxorrak
aurkitzeko.
Bilbotik Gasteizera doan N-240
errepidetik joanda sartuko gara toki hezean, 38,5 kilometroan, Barazarreko
ostatuaren aurrean. Egoera onean dagoen bidexka hartu eta 3 kilometro
baino lehen utziko gaitu Saldropoko Jolasguneko
Aparkalekuan.
Gutzira, 1,5 kilometroko ibilbidea osatzen du, eta
laua da bertako lurra. Hori horrela, benetan erraz ibiliko gara bertan,
naturaren, paisaiaren eta etnografiaren aldetiko elementu interesgarrietan
blai.
Zenbait aholku:
Ez da toki hezera sartu behar, bertako fauna asalda daiteke-eta.
Ez erauzi edo hondatu loreak edo landareak, beraiek ere izaki
bizidunak baitira.
Interesgarria izan daiteke landa-gidaliburua eramatea, hainbat sekretu
erakutsi baitizkigu.
Erosotasunaren aldeko gomendioa: erabili mendi botak edo trekking
egiteko oinetakoak.
Ez bota zaramarik bidexkara. Zaborrak uzteko toki aproposak daude.
Azken batean, naturari zor zaion begirunea duten begirale gisa jokatu
besterik ez da egin behar.
<<
itzuli |