Oreinak San
Benito belarra (Geum sp.) erabiltzen du zauriak
sendatzeko eta apioa (Apium graveolens)
erditzerakoan laguntzeko. Erbinudeak, suge gorriak
ziztatzen duenean, txori-karduarekin (Eryngium
campestre) igurtzitzen du bere burua bizitza
salbatzeko. Gizakiak gizaki denetik, bere bizimodua
hobetzeko inguruan dagoenaz baliatu izan da. Hori dela
eta, betidanik erabili izan ditu landareak; hasiera
batean elikatzeko bazen ere, gerora, esperientzia
bereganatu ahala, gaixotasunak sendatzeko eta baita
gozatzeko ere erabili izan ditu.
Gure
arbasoek berehala ikasi zuten landare-espezieak
bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko gaitzak
sendatzeko onak zirenak. Ezagumendu hori ez zen egun
batetik bestera lortu. Hasiera batean, landareen
erabilera senezkoa izan zen eta ondorioz, esperientziak
erakutsi zien sendabelar bakoitzaren eragina. Bestalde,
animaliekiko zuten jakinmina zela eta (jakinmin hori
gerora elikagai gisa baliatzeko eta menperatze-nahi
bihurtu zen), horiek zer eta zertarako jaten zuten
behatu ohi zuten eta horien esperientzia bereganatuz
joan ziren. Beraz, hasierako senezko ezagutza hori,
gerora, esperientzian eta behaketan oinarritutako
jakinduria izatera pasatu zen, nahiz eta artean
sendabelarren eragina azaltzen jakin ez.
Landareak, botika
naturalak
Sendabelarren inguruko ezagutza mendeetan zehar
belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da; hasiera
batean ahoz (horrek dituen ondorioekin) eta gero
idatziz. Ahozko komunikazioa zela eta, hainbat akats
sortu ziren eta idazteak akatsak saihesten lagundu zuen.
Beraz, idazkera asmatu zenean, landareen deskribapenak
eta horiek erabiltzeko moduak idatziz agertu ziren eta
horrela iraun dute gaur egun arte.
|
Crocus nudiflorus azafraia
oso erabilia da sukaldaritzan. Sendabelar bezala,
ordea, ez da hain ezaguna. Infusioan hartuta,
hilekoak sortzen duen mina arintzen du eta zikloa
behar bezala finkatzeko ere lagungarria
da. |
Hala
ere, hasierako idazki horietan akats asko dago; garai
haietan, belarrak sailkatzeko ezaugarri morfologikoak
baino ez ziren kontuan hartzen, gaur egun ezagutzen den
sistematika oraindik garatu gabe baitzegoen. Gainera,
belar asko izen herrikoia erabiliz sailkatzen zen eta
horrek, askotan lagungarri bazen ere, nahastea sortzen
zuen. Adibidez, espezie berari bi izendapen eman izan
zaizkio (Laurus nobilisari erramu eta ereinotz
deitu izan zaio) edota izen bera bi espezie desberdin
izendatzeko erabili izan da (adibidez, Digitalis
purpurea eta Aquilejia vulgaris espezieei
kukupraka deitu izan zaie).
Nolanahi ere, sendabelarren sailkapen eta
erabilera askok gaur arte iraun dute eraginkorrak
direlako, nahiz eta orduko metodoak, esan bezala, garatu
gabekoak izan. Gaur egun ere, arazo franko dugu
landareak sailkatzeko eta ezagutzen ez ditugun
landare-espezieak ere asko dira oraindik.
Bestalde, landareak sailkatu ondoren, kimikoki
analizatu ziren, beren osagaiak eta konposatu aktiboak
zeintzuk ziren jakiteko. Sendabelarren eragina ez dago
hostoetan edo enborretan, landareak berak ekoiztutako
konposatu kimikoetan baizik (hala nola, alkaloide,
glukosido, saponina, terpeno, tanino, etab.etan).
Gizakia, horretaz konturatu zenean, konposatu horien
analogoak kimikoki ekoizten saiatu zen; horrela
sendabelarren erremedioak eskurago izango zituen (leku
txikiagotan gorde ahal izateaz gain, dosifikazioa ere
asko erraztu zen) eta aldi berean, tratamendu
desberdinak homologatzea lortuko zuen, nahiz eta askotan
ondorio desberdinak izan.
|
Trifolium arvense babosa
larreetako belar tipikoa da eta haziendarako oso
preziatua. Loreen infusioak hortzoiak indartu eta
piorrea ekiditen du. |
Hala
ere, kontutan hartu behar dugu sendabelarretatik
lortutako hainbat substantziak eta bere analogo
sintetikoek efektu desberdinak izan ditzaketela; hori
esperimentalki frogatuta dago eta esate baterako,
produktu biek absortzio desberdina izan dezakete.
Gainera, landare bakoitzak sortutako osagai-kopurua oso
zabala da eta, askotan, ezin dira kimikoki sintetizatu.
Beraz, gaixotasun jakin bat tratatzerakoan, sintetikoki
ekoiztutako konposatu bakar bat edo batzuk erabili
ordez, komenigarriagoa da sendabelarra bere osotasunean
hartzea, bere baitan dituen konposatu guztiak
erabiliz.
Horrek ez du gaur egungo medikamentuak
baliagarriak ez direnik esan nahi; askotan guztiz
beharrezkoak dira gaixotasun bat sendatzeko, baina
neurrian hartuta. Errezeta fitoterapeutikoak guztiz
naturalak izateaz gain, oso egokiak dira makina bat
gaitz sendatzeko, baina ez ditugu botika sintetikoak
baztertu behar. Produktu sintetikoak izan arren,
ikerketa askoren ondorio dira eta gero eta
espezifikoagoak diren gaitzak sendatzeko diseinatuta
daude eta bere eragina oso azkarra izaten da. Beraz,
medikuntzaren arlo bi hauen funtzioa bera da, hots,
gaixotasunak sendatzea, eta biak dira beharrezkoak.
Tamalez, gaur egungo gizarteak kimikaren esku utzi omen
du bere osasuna, naturak eman dion guztia arbuiatuz eta
mesprezatuz.
Baina ez dago guztia galduta! Azkenaldi honetan
fitoterapia berriro ari da indartzen eta gainera, gure
gizarte zoro honetan, balore naturalei merezi duten
garrantzia ematen diotenak gero eta gehiago dira.
Sendabelarren erabilerari dagokionez, garai berri batean
aurkitzen garela pentsa daiteke; izan ere, gaur egun
ditugun bitartekoak erabiliz (laborategiak,
berotegiak…), fitoterapia zientzia moderno izatera heldu
da, aspaldiko kondaira eta sorginkerietatik
aldenduz.
Basoko uzta
Ezer
baino lehen, gure ingurua ezagutu behar dugu; batetik,
landareak non dauden jakiteko eta bestetik, belarrak
poluitu gabeko lekuetan hartu beharko ditugulako. Izan
ere, industriaren eta autoen poluzioarekin kontaktuan
egon ez diren landareak erabiliko ditugu, baita
nekazaritzan erabiltzen diren ongarri eta produktu
kimikoetatik at geratu direnak ere.
|
Taraxacum officinalis
gardabea oso arrunta da gure artean. Bere
propietateak oso preziatuak dira eta arlo askotako
eragina duela jakina da. Esate baterako,
entsaladan gordinik jaten dira bere hostoak
gorputza garbitzeko eta beratua azala indartzeko.
Diabeteari aurre egiteko, berriz, kardaberaren
sustraiak ardo zurian beratuta har
daitezke. |
Sendabelarren efektu onuragarria lortzeko,
landarea batzeaz gain, manipulatu eta eraldatu egin
behar dugu. Hasteko, erabili nahi dugun landarea ondo
ezagutu behar dugu, hori biltzean okerrik ez egiteko;
era berean, gure gaixotasuna sendatzeko landarearen zein
zati erabiliko dugun jakitea komeni da, horren arabera,
garai batean ala bestean bildu beharko baitugu.
Adibidez, loreak zabaltzeko daudenean edo ihartu baino
lehen batu behar dira; sustraiak, aldiz, udaberrian edo
udazkenean hartuko ditugu, landarearen gordekin edo
printzipio guztiak bertan metatzen diren garaian, hain
zuzen ere.
Hostoak behar direnean, landarea garatzen ari
denean, loratzen hasi baino lehen batzea da egokiena,
konposatu aktibo gehienak loreetan metatuko baitira.
Haziak udazkenean bilduko ditugu, landarea guztiz
helduta dagoenean, eta azalak landarea garatuta egonez
gero, urteko edozein momentutan batu daitezke.
Azaldutako guztia batu nahi dugun landarearen arabera
alda daitekeenez, kasu bakoitzerako modurik egokiena
zein den aukeratu beharko dugu. Eta esan beharrik ere ez
dago: babestuta dauden landareak ezin dira hartu; beraz,
kontu handia izan!
Landareak bildu ondoren, lehenbailehen sikatu
beharko ditugu; hau da, daukaten ura poliki-poliki kendu
bere propietate guztiak ez hondatzeko eta ondo
kontserbatzeko. Prozesu hori leku aireztatu eta
lehorretan egingo dugu, eguzki, hauts eta hezetasunetik
babesturik. Ahal dugun neurrian behintzat, landareak
urte osoan zehar batzea (gure baratzean landa ditzakegu)
eta jaso ahala erabiltzea da onena; baina hori ezinezkoa
denean, ez larritu, lehortutako landareek urte osoan
mantentzen baitituzte beren propietateak.
Sendabelarrak kontsumitzeko
errezetak
Baina, zelan prestatu behar ditugu sendabelar
hauek gure gaitzak sendatzeko edota arintzeko? Etxean edonork presta
ditzakeen errezetak emango ditugu hemen batez ere.
Landarea (edo beren atal jakin bat) prozesatu egin behar
dugu nahi ditugun substantziak eskuratzeko. Hainbat
eraldaketa oso sinpleak izango dira; beste zenbait,
ordea, oso konplexuak eta guk ezin izango ditugu burutu,
farmazeutiko edo bestelako espezialistaren batek baizik.
Goazen bada, aipaturiko eraldaketa batzuk
azaltzera.
Eraldaketa hauek modu askotara egin ditzakegu,
baina beti lortu nahi dugun efektuari begira. Adibidez,
makina bat aplikazio gorputzaren kanpoaldean egin
beharko dira. Batzuk larruazalean emateko izango dira:
pomadak, hautsak, xaboiak, etab. Beste zenbait inhalatu
egingo ditugu. Barruko aplikazioa dutenen artean, batzuk
irensteko soluzioak izango dira eta beste batzuk
injektatzeko prestatuko dira. Azken horien kasuan
esterilizazioa guztiz beharrezkoa izango
da.
Sendabelarrak erabiltzeko, ondoko lau bide
nagusiak azalduko ditugu:
-
|
Mundu
guztian da ezaguna Cichorium
intybus txikoria. Gota, anemia,
paludismoa, anorexia eta abar luze bat sendatzen
laguntzeko erabili izan da. Manipulatu behar
dugunean, kontutan hartu behar dira bere
berezitasunak; esate baterako, hostoak
udazkenean garatzen ditu eta landarea
loratzerakoan, zimeldu egiten dira; bestalde,
loreak fotosentikorrak dira eta beraz,
argiarekin itxi egiten
dira. | Eraldaketa-prozesu errazenetako bat
infusioak prestatzea da. Metodo honek
sendabelarraren alde bigunetan (loreetan, hostoetan
eta kimuetan) dauden printzipioak eta lurruntzen diren
konposatuak eskuratzeko aukera emango
digu. Infusioa egiteko, irakiten ari den ura nahi
dugun landareari gainera bota behar diogu eta gero
beratzen utzi. Lehortuta dauden belarrak erabili behar
dira, urik ezean printzipioak kontzentratuago egongo
baitira. Infusioak estaltzea komeni izaten da,
printzipio sendagarriak ez lurruntzeko; gainera,
lurrunean kontzentratzen direnak kondentsatzea lortuko
dugu eta horrela, infusioan berrerantsi egingo dira.
Hori egin ondoren, iragaztea baino ez zaigu geratzen.
On egin! Adibidez zaingorriaren (Geranium
robertianum) infusioak beherakoa desagertzen
laguntzen eta diabetearen kontrako eragina ere badu.
Huntzaren (Hedera helix) infusioa hartuz gero
bestalde, hilekoak ez dira horren mingarriak izango.
Zirkulazio-arazoen kontra, elorri zuriaren
(Crataegus monogyna) hosto eta loreekin
egindako infusioa primeran dator; gure arbasoek
txikoriaren (Cichorium intybus) infusioaz
igurtziten zituzten abereak eulien ziztadak
saihesteko.
- Enborretan
dauden printzipioak eskuratzea zaila gertatzen denean
edota soluziora pasatzeko denbora luzean beroa behar
dutenean, egosketa erabiltzen da. Kasu hauetan
landarearen zatiak (sustraiak, azalak, fruituak eta
hosto gogorrak) uretan jarri eta denbora batez
irakiten edukiko ditugu. Hoztu eta gero, iragazi baino
lehen, lortutako soluzioa dekantatzen utziko dugu.
Metodo hau erabiltzeak lurruntzen diren printzipio
aktiboak galtzea ekarriko du eta lortutako egoskian ez
dira sekula landarean zeuden printzipio guztiak
agertuko. Izan ere, egosketa eraldaketa-prozesu
bortitza da eta ondorioz, belarraren konposatu batzuk
galdu edo eraldatu egin daitezke. Beraz, lortu nahi
dugunaren arabera, metodo hau edo lehenago aipatutako
metodo leunagoa erabiliko dugu. Bestalde, autore
batzuek diotenez, landarearen zatiak irakiten jarri
baino lehen beratzen jarriz gero, atal horiek bigundu
egingo dira eta printzipioak eskuratzea errazagoa
izango omen da.
Azeribuztanaren (Equisetum
telmateia) egosketa konjuntibitisaren kontra
erabiliko dugu eta uztaroaren sustraiena (Rumex
acetosella) hepatitisari aurre egin behar
zaionean. Ilea galtzen ari zarela ikusten duzunean,
irakurle, urkiaren (Betula pendula)
egoskiarekin burua garbi dezakezu eta zauriak ondo
ixteko, azkenik, urkiaren azal eta hostoekin egindakoa
erabili.
-
|
Argazkian ageri den Urica
dioca asuna gaixotasun ia guztientzat
gomendatzen da. Euskal Herrian tradizio handia
du eta garai batean, ukendu modura erabiltzen
zen erreuma eta bronkitisaren kontra. Sistema
eraginkorra izango da noski, baina ez da batere
atsegina. | Beste
metodo bat beratzea da eta landareen
substantzia aktiboak ur hotzetan solugarriak diren
kasuetan erabiltzen da. Sendabelarra ur hotzetan ordu
batzuk utziz gero, printzipio guztiak soluzioan
geratuko dira. Erabilitako landare-zatiaren arabera,
ordu gehiago edo gutxiago eduki beharko dugu uretan;
adibidez, hostoen eta loreen kasuan, nahikoa da 6tik
12 ordura edukitzea; sustraiak eta azalak, ordea, 24
ordu inguru egon beharko dute uretan. Edonola ere,
prozesua ez da gehiegi luzatu behar, hartzitzea
gertatu edo onddoak ager baitaitezke. Sendabelarrak
alkoholetan, oliotan edota ardotan ere bera daitezke.
Udaberri-lorea (Primula veris) beratuz eta 30
egunetan oliba-oliotan edukita, erreumak eta erredurak
azkarrago pasatuko zaizkigu. Azala leundu nahi badugu,
astalarrosaren (Rosa canina) petaloak beratuz
lortuko dugun soluzioa erabiliko dugu eguneroko
garbiketan.
- Zukuen erauzketa ere eraldaketa erabilia da.
Horretarako ur-proportzio altuko landare freskoa
erabiliko dugu. Zukua lortzeko nahikoa da landarea ur
apur batez mortairuan jartzea edota zuku-makina
erabiltzea; horrela, belarraren gatz mineralak eta
bitamina guztiak eskuratuko ditugu. Hala ere, metodo
hau erabiliz ez ditugu landarearen printzipio guztiak
lortuko, baina substantzien erauzketa hotzean egiten
denez, ez da beren egitura eraldatuko; berotuz gero,
ordea, bestelakoa izaten da emaitza. Txikoriaren
(Cichorium intybus) zukua eztiarekin nahastuta,
heste-zizareak kentzea lortuko dugu. Arazoa
belarrietako mina bada, artzain-zakuaren (Capsella
bursa-pastoris) zukuaren tanta batzuk botako
ditugu belarrira.
Lau
metodo hauez gain, beste batzuk ere badaude; hala nola,
aiutak, lozioak, ukenduak, xarabeak, tinturak, olioak,
inhalazioak, esentziak, etab. Gehienetan gainera,
arestian aipatu ditugun prozesuak zertxobait aldatuz
lortzen dira.
|
Crataegus monogyna elorri
zuriaren eragin sendagarriak oso ezagunak dira,
tentsioa eta bihotz-aktibitatea erregulatu egiten
baitu. Horrez gain, insomnioaren eta burukominen
kontra ere erabiltzen da. Sastraka apaingarri
bezala ere, ezaguna da hiri askotan.
|
Metodo hauen bidez lortutako produktuek ere bere
mugak dituzte. Lortutako soluzioetan konposatu biologiko
batzuk agertzen dira eta hauek, oxidazio- eta
hartzidura-prozesuetan parte hartzen dutenez, aldaketak
eragin ditzakete lortutako substantzia sendagarrietan.
Hori saihesteko kontserbatzaileak gehi daitezke, baina
horrela substantzia kimikoak gehituko genizkioke.
Kontuan izan lortutako emaitza ez dela jadanik erabat
naturala izango, hau da, eraldaketa kimikoen bidez
lortutakoa izango dela. Beraz, hobe da lortutako
soluzioan azukre edo alkohol apur bat gehitzea gehixeago
iraunarazteko.
Ikusi dugunez, asko da sendabelarrek eskaintzen
digutena eta oso erraza da horiekin liluratzea. Aipatu
dugunez, landare bakoitzak ekoiz dezakeen konposatu
aktiboen kopurua izugarria da. Beraz, natura
gaixotasunak sendatzeko biltegi itzela izan daiteke eta
gainera, erremedio guzti horiek guztiak dohainik
eskaintzen dizkigu lore, hazi, hosto, sustrai eta fruitu
modura. Gaitz asko landare-espezieak hobeto aztertuz eta
ezagutuz senda daitezke. Penagarria litzateke, beraz,
aukera horiek galtzea eta halabeharrez medikamentu
sintetikoen munduan
jaustea. |