Xabier Irigoien hondarribiarrak zuzendutako
ikerketa Nature aldizkariaren azalean agertu da
irailaren 26ko zenbakian.
AZTI fundazioko Xabier
Irigoienek, beste bost herrialdetako ozeanografia
eta ikerketa-institutuekin elkarlanean, kopepodoei
buruzko ikerketa bat burutu du: kopepodoen ugalketan
elikagaiek izan dezaketen eragina aztertu dute.
Kopepodoak itsasoan bizi diren animalia
mikroskopikoak dira. Itsasoko elika-katean betetzen
duten maila garrantzitsua da, arrainen oinarrizko
elikagaietako bat baitira. Horregatik, kopepodo asko
egotea ezinbestekoa da gero arrain asko
izateko.
Aldi
berean, kopepodoak fitoplanktonaz elikatzen dira.
Fitoplanktona hainbat alga mikroskopikok osatzen dute,
eta horien artean garrantzitsuenak diatomeoak dira.
Beraz, diatomeoek, kopepodoek eta arrainek itsas
ekosisteman elika-kate garrantzitsua osatzen dute.
Kopepodoekin eta diatomeoekin hainbat azterketa
egin dira laborategian eta, horietako batzuetan,
diatomeoek kopepodoen ugalketan eragina izan zezakeela
proposatu zen. Dirudienez, diatomeoek kopepodoen
arrautzentzat toxikoa izan litekeen konposatu bat
ekoizten zutela esan zen.
Irigoienek, eta berak
koordinatu duen zientzialari-taldeak, naturan
horrelakorik gertatzen den aztertu dute, hau da,
itsasoan diatomeoen populazioa asko handitzeak
kopepodoen ugaltzeko gaitasunean eragiten duen edo ez.
Horretarako, diatomeo ugari dagoen itsas-ekosistema
batzuetan hartu dituzte laginak, esaterako, Oregonen,
Namibian eta Norvegiako fiordoetan.
Diatomeoen lagin horiek toki bakoitzeko
kopepodoen ugaltze-tasarekin konparatu dituzte eta batak
besteari ez diola eragiten ondorioztatu dute. Haien
esanean, bi arrazoi egon daitezke laborategietan
kopepodoen ugaltze-tasa jaisteko: batetik, litekeena da
diatomeoek elikagai gutxi izatea eta, ondorioz, horiek
bakarrik janez gero, kopepodoen ugaltze-tasa jaistea.
Bestetik, litekeena da baita ere kopepodoak elikatzeko
erabiltzen den diatomeo-mota toxikoa
izatea.
Edonola ere, zientzialariek egin duten azken
ikerketa horrek naturan horrelakorik ez dela gertatzen
frogatu du; beraz, diatomeoek ez dute inolako kalterik
eragiten elika-katean.
Xabier Irigoien 35 urteko
hondarribiarra da. Euskal Herriko Unibertsitatean,
Leioan, egin zituen biologia ikasketak, Bordeleko
Unibertsitatean osatu zituen ozeanografia-ikasketak, eta
han egin zituen masterra zein doktore-tesia.
Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuan bi urtez jardun
zuen ikerketa-lanetan eta azken 6 urteak Britainia
Handian eman ditu. Plymouth Marine Laboratory eta
Southampton Oceanography Centre ikerketa-guneetan
burutu du Nature-k argitaratu berri dion
ikerketa-lana. Gaur egun, Pasaian, AZTI fundazioan,
dihardu Xabier Irigoien-ek 5 urterako Ramon y Cajal beka
eskuratu ondoren.
Ikerketaren nondik norako guztiak datorren
asteazkenean kontatuko dizkigu Xabierrek berak Euskadi
Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan, arratseko 8etatik
aurrera. |