Elhuyar Fundazioa
Mantxut
Eguneratze-data 2004/11/29
Zientzia-hiztegiak Dibulgazio-liburuak CAF-Elhuyar sariak
Artikuluak
Landareen adimena
2002/09/22 | Galarraga, Ana |

Norbaiti azalore baten adimena duela esaten badiote, oso litekeena da iraintzat hartzea. Alabaina, bai azaloreak bai gainontzeko landareak uste baino askoz ere adimentsuagoak direla esan dute ikertzaile batzuek, nahiz eta gizakiak ekintzen arabera epaitzen duen adimena. Ikertzaile horien esanean, landareak eta animaliak bereizten dituen ezaugarri bakarra mugimendua da.

Landareek argitasuna, hezetasuna, gai kimikoak eta beste eragile asko antzemateko gaitasuna dute, baita haien aurrean erantzun egokia ematekoa ere.

Edinburgh-eko Unibertsitateko Tony Trewavas-en ustez, landareek kalkulatu, aurreikuspenak egin eta gertakizunak gogoratzeko gaitasuna dute. Animalietan argi eta garbi antzematen dira gaitasun horiek, haien ekintzetan eta adierazpenetan nabarmentzen direlako. Baina landareek, sustraiak lurrean sartuta eta isil-isilik egoten direnez, ez dirudite oso azkarrak.

Landareak, ordea, mugitu mugitzen dira, eta inguratzen dituenaren aurrean erreakzionatzen dute; gainera, erreakzio horiek oso adimentsuak izaten dira. Inork ez du ukatuko landareek informazioa jaso dezaketela, baina, horretaz gain, ondorioak kalkula ditzakete. Are gehiago, erantzuna ere prestatzen dute, eta horretarako erabiltzen duten bidea garunak erabiltzen duen sistemaren oso antzekoa omen da. Izan ere, erantzun horiek seinale molekular konplexuetan oinarritzen direla ikusi da.

Aspaldi frogatu zen landareek zentzumenak dituztela. Argia, soinua, gai kimikoak, dardarak eta ukimena detektatzeko gai dira, eta haien aurrean erantzuten dute, baita uraren, grabitatearen eta tenperaturaren aurrean ere, noski. Normalean, erantzun hori hazkuntzaren aldaketaren bat izaten da, baina uste zena baino era gehiagotan gertatzen da.

Aukera onena hautatzen

Landareak adimentsuak direla erakusten duten adibide ugari eman ditu ikertzaile horrek. Haren esanean, banakoak ingurura egokitzeko aukera onena hartzean adierazten da adimena, eta landareek gaitasun hori badutela konturatzeko trikimako-sustraia duten landareei begiratu besterik ez dago.

Trikimako sustraidun zuhaitzak elikagai eta argitasun gehien dagoen aldera mugitzen dira.

Trikimako-sustraidun landareek makuluen moduko sustrai asko dituzte enborraren inguruan; hain zuzen, horiei esker eusten da enborra. Inguruko landareek argitasuna edo elikagaiak kentzen dizkietenean, oso era nabarmenean egiten diote aurre egoerari. Denbora alferrik galdu gabe, landarea eguzkia eta janaria dagoen aldera joaten da; horretarako, makulu asko sortzen ditu komeni zaion aldean, eta hiltzen uzten ditu itzalekoak.

Hala ere, zientzialari askok ez dute uste landareak non hazi behar duen benetan erabakitzen duenik, baizik eta aurrez programatutako jokabideari jarraitu besterik ez duela egiten. Hau da, erreflexuen bidez erantzuten dute.

Tewasas, ordea, ez dago batere ados. Landare askoren egoerara egokitzeko gaitasuna erreflexuaz haratago omen doa. Landare-espezie bateko hazi guztiak berdin daude programatuta, baina hazi bakoitzak oso bide ezberdinetik jo dezake. Eta malgutasun handia azaltzen dute haien jokabidean. Esate baterako, landareen sustraiek, elikagaiak eta hezetasuna bilatzean, ez dute beti bide errazenetik jotzen. Glechoma amuntza aztertuta, ikertzaileek ikusi zuten lursail onetan landareak adar, kimu eta hosto asko sortzen dituela eta sustraiak multzoka eta sendo hazten direla. Aldiz, lurra hain egokia ez denean, sustraiak azkarrago hazten dira, meheagoak dira eta urrutirago iristen dira, ihes egiten ariko balira bezala. Horrekin batera, hosto gutxiago izaten dute lur txarretan dauden landareek. Kimu berriak lehenago garatzen dira eta era aktiboan bilatzen dute lur hobea. Horrek esan nahi du landareak eragile ugari izan behar dituela kontuan; bestela, okerreko erabakia hartzeko arriskua izango luke.

Landareak animalien pare

Ikertzaile batzuen esanean, negutegiak ez dira landareen adimena aztertzeko tokirik egokienak.

Egia esan, azkeneko urteetan, lehen animalientzat bakarrik erabiltzen ziren hitzak ari dira erabiltzen botanikariak; hala nola, elikagai-bilaketa, lehia, harraparia, inbaditzailea... Ildo horretatik, landareak adimentsuak diren aldeko beste adibide bat ematen du Trewavasek: kuskula izeneko landare bizkarroia. Kuskulak ez du fotosintesirik egiten. Horren ordez, beste landare batzuen inguruan kiribiltzen da eta kimuak txertatzen ditu ostalarian. Hartara, kimu horien bidez jasotzen ditu behar dituen elikagaiak eta ura.

Baina kuskulak ez ditu indarrak alferrik xahutzen, ostalariak merezi ez badu. Elikagaiak eta ura biltzen hasi aurretik, ostalariaren emankortasuna aztertzen du, eta gero erabakitzen du zenbat bira eman haren inguruan. Hori frogatu zen ikerketa berean, elikagaien bila joateko garaian animalietan erabiltzen diren eredu matematikoak aplikatu zizkioten kuskulari, eta bete egiten zituela baieztatu zuten. Hara hor animalien eta landareen arteko antzekotasunaren froga garbia!

Are gehiago: landare-zelulak tentsio-aldaketez baliatzen dira gune batetik bestera seinale elektrikoak bidaltzeko; hain juxtu, animalien nerbio-sistemak egiten duen bezala. Mina sentitzen denean bezalaxe, tentsio-aldaketa horiek landarearen zein zati zauritu den jakinarazten dute. Eta, bai landare-zelularen barruan bai landare-zelulen artean, informazioa bidaltzeko erabiltzen diren bitartekariak nerbio-sisteman erabiltzen diren berberak dira. Animalia- eta landare-zelulek erantzun bera dute hainbat proteinen, azido nukleikoen, ioien, hormonen eta entzimen aurrean.

Landare-espezie bateko hazi guztiak berdin daude programatuta, baina hazi bakoitzak oso bide ezberdinetik jo dezake.

Hala ere, horrek landareak adimentsuak direla frogatzen al du? Inolako zalantzarik gabe, Trewavasek baietz uste du. Hori ontzat emanez gero, amebak bezain izaki sinpleak ere adimentsuak direla onartu beharko da. Izan ere, izaki zelulabakar horiek ere inguruari egokitzeko erantzun aproposak emateko gaitasuna dute.

Ziurrenik, batek baino gehiagok ez du batere arazorik izango bere burua beste bizidunen pare jartzeko, baina nago beste asko ez ote diren harroegiak landareak eta zelulabakarrak ere azkarrak, zuhurrak eta argiak direla onartzeko. Nolanahi ere, adimena zeren arabera definitzen den da gakoa, ezta?

7K-n argitaratua.

 

 


Artikulu berrienak:



Bilatu:

  Hitza:
Bilaketa aurreratua
Copyright © 2004 Elhuyar Fundazioa - Eskubide Guztiak Erreserbatuta.
webmaster@elhuyar.com - Tel.: +34 943 36 30 40
800x600 eta Internet Explorer 5.5-entzat egokitutako gunea