Euskal Herriko hezeguneak ezagutu eta ulertzea
helburu dituen artikulu-sorta hau ezin da amaitutzat
eman gure geografian sakabanatuta dauden hezegune
artifizialez hitz egin gabe, izan ere, horietako askok,
denboraren poderioz, naturalizazio-prozesu ikusgarriak
ezagutu baitituzte eta, horri esker, balio ekologiko
handiko hezegune bilakatu dira.
|
Hezegune artifizial ugarik, denboraren
poderioz, naturalizazio-prozesu ikusgarriak izan
dituzte. Horren adibide dira Trebiņoko Laņo
herriko harrobietan dauden
urmaelak. |
Euskal Herriko hezeguneen artean, hezegune
artifizialek duten garrantzia ulertzeko, hezegune
guztien azalera kontuan hartuta, artifizialek % 60-70
inguru hartzen dutela esan beharra dago. Beraz,
hezeguneen kontserbaziorako politiketan normalean
aintzakotzat hartzen ez badira ere, alderdi
kuantitatibotik begiratuta behinik behin, duten
garrantzia ukaezina da eta horrek hezegune horiekiko
dugun ikuspegia aldatu beharko luke, gutxienez gaur egun
nahiko naturalizatuak daudenekiko.
Dena
dela, jatorri artifizialeko hezeguneen artean ugaritasun
eta aniztasun handia dago. Alde batetik, hezegunearen
jatorria dago, denak gizakiak sortutakoak izan arren,
ur-metaketa horien eginkizunak erabat baldintzatzen
baitu hezegunearen fisionomia, morfologia eta bilakaera.
Bestaldetik, hezegune artifizialen kokapenak ere
berebiziko garrantzia du, izan ere, eskualde
eurosiberiarrean edo mediterraneoan, mendialdean edo
haranean, malkar handiko lekuan edo lautadan... egoteak
prozesu biologiko eta ekologikoetan eragin zuzena baitu.
Azkenik, hezegune artifizialen gaur egungo erabilera ere
kontuan hartu behar da, horrek hezegunearen bilakaera
eta izan dezakeen naturalizazioa erabat baldintzatzen
baitu.
Faktore horiek guztiak kontuan harturik, Euskal
Herriko hezegune artifizialak hurrengo mota hauetan bana
daitezke:
- Urtegiak.
- Uraska-urmaelak.
- Ureztaketarako urmaelak.
- Mehatze- edo industria-urmaelak.
- Gatzagak.
- Parke edo lorategietako urmaelak.
Urtegiak
|
Uraska-urmaelek eginkizun garrantzitsua
dute mendiko angibioen ugalketan. Argazkian
Vakderejoko parke naturalean dagoen uraska-urmael
bat. |
Urtegiak ibai-haranetan presak eraikita lortutako
ur-metaketa artifizialak dira. Herri, hiri eta
industriako ur-hornidura eta, zenbait kasutan,
ureztaketa zihurtatzea helburu dituzten ur-bolumen handi
hauek Euskal Herrian aurki ditzakegun ur-eremurik
handienak dira. Hala ere, urtegiek normalean duten
sakontasun handia eta ertz malkartsuak direla eta, ur
eta lehorraren arteko elkarrekintza baino ur-sistema
bera da nagusi eta, beraz, ezin dira hezegunetzat hartu.
Soilik lautadetan edo aldapa gutxiko haranetan
eraikitako zenbait urtegiren atzealdeetan edo ertzetan,
sakontasun txikiari esker, hezeguneen ezaugarriak ager
daitezke, eta denboraren poderioz, aberastasun biologiko
eta ekologiko handiko ingurune bihur
daitezke.
Hala
ere, urtegietan urtaroaren arabera gertatzen diren
ur-mailaren gorabehera handiak hezeguneetako
bizidun-komunitateen garapenerako oztopo nabarmena dira
eta, horregatik, zaila izaten da leku horietan hezegune
egituratu eta helduak aurkitzea.
Naturalizazio-prozesu interesgarriak izan
dituzten Euskal Herriko urtegien artean, Arabako
Lautadan dagoen Uribarri Ganboak merezi du aipamen
berezia, izan ere, Mendixur izenez ezaguna den
urtegiaren atzealdean, sakontasun urria eta orografia
lauari esker, hezeguneetako ohiko landare-gerrikoez
gain, ornodun-komunitate oparoak eta askotarikoak ikus
baitaitezke, batez ere hegazti urtarrak.
|
Aņuako
ureztaketarako urmaela
(Araba). |
Ertzetan hezegune txikiak garatu dituzten beste
urtegi batzuk hurrengo hauexek dira: Gipuzkoan,
Aretxabaletako Urkuluko urtegia, Oreretako Landarbasokoa
eta Orio-Aginagan dagoen Sariakolako urtegi txikia;
Bizkaian, Mungiatik hurbil dagoen Laukaritzko urtegia
eta Barakaldoko El Regato izenekoa; Araban, Legutio
ondoan dagoen Urrunaga urtegia eta Korresen dagoen
Izkizko urtegi txikia; Lapurdin, Mugerre udalerritik
hurbil dagoena eta Nafarroan, Arrada herritik hurbil
dagoen izen bereko urtegi txikia, Zentronikoko La Nava
izenekoa eta Korellako La Estanca eta La Estanquilla
urtegi txikiak.
Uraska-urmaelak
Gure
mendilerroetan sakabanatuta abereentzako uraska-urmael
txiki ugari dago. Mendiko urmael horiek, normalean,
tamaina txikia, sakontasun urria eta ur uherrak dituzte.
Gainera, klima eta, batez ere, abereen sartu-irteerak
direla eta, urmael hauetan ur eta ertzetako landaredia
hutsaren hurrengoa da eta, horregatik, ikuspegi
naturaletik bederen, gehienek ez dute balio handirik.
Hala ere, eginkizun garrantzitsua betetzen dute mendiko
anfibioen ugalketan.
Ureztaketarako
urmaelak
Nagusiki Arabako Lautadan eta Errioxan eta
Nafarroako Erriberan ditugun ur-metaketa txikiak dira.
Sail ureztatuak nagusi diren eskualde horietan,
sarritan, ibaien emariak ez dira nahiko laborantza-mota
horrek eskatzen duen ur-kantitateaz hornitzeko eta
horregatik leku beheretan euriaren ura biltzen duten
urmael txiki ugari eraiki da.
|
Mehategietako urmaelak. La Arbolela
(Bizkaia). |
Badira iturburu edo azaleramendu freatikoen
gainean eraiki direnak eta bai erreka eta lats txikien
emaria jasotzen dutenak ere, baina denak gizakiak,
uraren metaketa eraginkorra izan dadin, aldatu dituenak
dira.
Urmael hauetan, urtaroaren arabera uraren mailak
dituen gorabehera handiak landarediaren garapenerako
oztopo nabarmena badira ere, sakontasun urriak eta
aldeko baldintza klimatologikoek horietako askok
naturalizazio-prozesu ikusgarriak izatea ahalbidetu
dute, eta paisaiaren elementu natural garrantzitsuak
bilakatu dira.
Naturalizazio-maila handia duten ureztaketarako
urmaelen artean aipagarriak dira Arabako Lautadan
ditugun Aņua eta Argomanizko urmaelak; Arabako Errioxan,
Biasteriko El Prao izenekoa; Nafarroako Ibargoiti
haranean dauden Zilekietako urmaelak eta Nafarroako
Erriberan, Tuteratik hurbil dagoen El Cardete
urmaela.
Mehatze- eta
industria-urmaelak
Ezin
dugu aipatu gabe utzi abandonatutako harrobi edo aire
zabaleko mehategietan, euri-ura metatzean, sortutako
urmaelak edo zenbait prozesu industrialetan behar den
ura lortzeko eraikitakoak. Horietako gehienetan, ertz
malkartsuek edo poluzioak naturalizazioa galarazten
badute ere, badira azken urte hauetan
naturalizazio-prozesu interesgarriak izan dituztenak
eta, beraz, kontuan hartu beharrekoak
dira.
Mota
honetako urmael eta putzu gehienak Bizkaiko
mehatze-eskualdean ditugu, batez ere, Triano mendietan
abandonatutako aire zabaleko mehategietan. Aipagarriak
dira, halaber, Iruņerriko Potasas de Navarra enpresak
eraikitako Zolina eta Morea urmaelak, Basauriko Etxerre
harrobian dagoena, Donostiako Igara auzoan dagoen
Gurelesako urmaela edo Trebiņoko Laņo herritik hurbil
dauden harrobietan daudenak.
Gatzagak
|
Gatzagetan, ubide txikien bidez, iturburu
gazietako ura ezkaratzetan banatzen da eta bertan
mantentzen da lurrundu arte. Gesaltza
(Araba). |
Gatz-kontzentrazio handia duten iturburuetako
uretatik gatza lortzeko diseinatutako egitura hauek
sakontasun urriko ur-geruza izaten dute ia urte osoan
eta, beraz, hezegune artifizialen barruan sailka
daitezke.
Gatzagetan, ubide txikien bidez, iturburu
gazietako ura ezkaratzetan banatzen da eta bertan
mantentzen da lurrundu arte. Ura ezkaratzetan sartzen
den unetik lurruntzen den arte, gizakiak eraikitako
egitura horietan hezegune endorreikoen moduko dinamika
gertatzen da.
Gatzaga eta iturburu gazi gehienak hezegune
karstikoak aztertzean aipatu diren diapiro izeneko
egitura geologikoekin erlazionatuak agertu ohi dira,
egitura geologiko berezi horien litologiak eragiten
baitu ingurune hauetan agertzen diren iturburuak
hipergaziak izatea.
Ezkaratzetan, gizakiaren jarduerak hezegune
gazietako ohiko landare- eta animalia-komunitateak
garatzea eragozten badu ere, iturburu eta erreken
inguruan, ez da zaila gazitasun handiko lekuetan
bizitzera moldatuta dauden zenbait landare-espezie
halofito ikustea.
Hezegune-mota honen adibiderik esanguratsuena
Arabako Aņana Gesaltza herriaren ondoan aurkitzen dugu.
Erromatarren garaitik ustiatzen diren gatzaga horiek
haranaren bi hegietan hondeatutako lurmenetan antolatuta
daude eta zurez egindako egiturek historia, kultura eta
naturaren ikuspegitik balio handiko multzoa osatzen
dutela esan daiteke.
Hala
ere, ez dira bakarrak. Nafarroan ere horrelako hezegune
artifizialeko hainbat adibide ditugu, hala nola,
Jaitzeko gatzagak, Ollo-Artetakoak
edoIbargoitikoak.
Parke eta lorategietako
urmaelak
|
Aisialdirako sortutako urmaela. Donazarreko
Harrietako aintzira (Nafarroa
Behera). |
Euskal Herriko hezegune artifizialen errepaso
labur hau amaitzeko, azken urteetan herri eta, batez
ere, hirietako parke berriak eraikitzean sortutako
urmaelak izango ditugu hizpide.
Zenbait kasutan, parkearen eraikuntza ingurugiroa
berreskuratzeko proiektu baten barruan dagoelako eta,
bestetan, soilik, ur-ingurune bat sortu nahi delako,
parke eta lorategietan urmael artifizialen ugaritzea
hezeguneekiko ikusmoldea aldatzen ari delako adierazle
izan daiteke, hezeguneak osasunaren kalterako inguruneak
zirelakoan sistematikoki suntsitzetik, hezegune berriak
artifizialki sortzera igarotzeak gure mentalitatean zer
edo zer aldatzen ari dela argi erakusten baitu.
Honenbestez, Euskal Herriko hezeguneen balioa,
aniztasuna eta egoera ezagutzera ematea helburu zituen
artikulu-sorta hau amaitutzat eman dezakegu. Atzean
gelditu da ia zortzi urte iraun duen lana. Urte hauetan
guztietan, inoiz imajinatuko ez nuen Euskal Herriko gune
zoragarriak eta ezezagunak ezagutzeko aukera izan dut
eta, ikuspegi horretatik, ura duten paisaiek, bizitzaren
adierazlerik esanguratsuenak izateaz gain,
erakargarritasun handiagoko paisaiak ere badirela
berrets dezaket.
Euskal Herrian ez ditugu tamaina handiko
hezeguneak, baina hezeguneen aberastasuna eta aniztasuna
oso handia da. Zoritxarrez, gure ondare naturalaren zati
garrantzitsu hori oso egoera larrian dago, izan ere,
azken hamarkadetan hezegune ugari erabat desagertu da
eta beste asko oso egoera tamalgarrian geratu
dira.
Azken urteetan, hezeguneen zerrendak egitea eta
horiek babesteko eta leheneratzeko egitamuak egitea
dinamika suntsitzaile horri amaiera emateko
borondatearen adierazle izan daitezke, baina
aspaldidanik datorren inertzia suntsitzailea oso
indartsua da eta, horregatik, oraindik eguneroko kontua
da hezegune baten suntsiketa edo suntsitzeko mehatxua.
Egoera hau bereziki kezkagarria da kostaldeko tamaina
txikiko hezeguneen kasuan: Sokoako Untxineko padura,
Donostiako azken padura-eremuak, Orioko Motondo eta
Oribarreko padura, Debako Casa Campoko padurak,
Ondarroako Alleruko padura, Barakaldoko Ibarreta-Zuloko
padura...
|
Anatidak nahiko erraz moldatzen dira
hezeguen artifizialen baldintzetara. Argazkian
murgilari mottodun taldetxo
bat. |
Denak, kostaldeko hezegune bezala, balio handiko
inguruneak dira, baina espekulazioaren eta neurriz
kanpoko garapenaren mehatxupean bizi dira. Ingurugiroko
gainerako arazo guztiekin gertatzen den moduan, gehienok
oso sentikorrak gara hemendik oso urruti dauden
hezeguneen suntsiketarekiko (tropiko aldeko mangladiak,
Afrikako estuario handiak...), baina gure herri edo hiri
ondoan dagoen padura, urmael edo zohikaztegia
suntsitzeko asmoaren aurrean, axolagabekeria edo
garapenaren truke onartu beharreko ordaina izaten dira
gure erantzunak.
Jakina da gaizki ulertutako garapenak ez duela
ondare naturala kontuan hartzen eta soilik berehalako
etekin ekonomikoaz kezkatzen dela, baina geroz eta
onartuagoa da, halaber, garapen-eredu hori gizakiaren
etorkizuna bera kolokan jartzen ari dela. Beraz,
nahitaezkoa da garapen jasangarriaren aldeko apustua
egitea eta, bide horretan, biodibertsitatearen benetako
altxorrak diren hezeguneen kontserbazioa eta
berreskuratzea lehentasunezko helburuak izan behar
direlakoan nago. |