AHUNTZ AZIENDA ARRAZAK


5.
AZPI GORRIA

Non dagoen banatuta:
Gorbeian (Araba eta Bizkaia artean), Enkarterrietan,Anboton eta Aramotzen (Bizkaia).
Errolda: 100 (emeak).
Zein egoeratan dagoen: KRITIKOA.
Zein azokatan ikus daitekeen: Markinan (Bizkaia) urriaren bigarren larunbatean burutzen den Euskal Herriko Arrazen Erakusketan.

DESKRIBAPENA

 

    Ahuntzen arraza talde hau Pirinioetako ahuntzen familiakoa da, eta baita, nahiz eta neurri txikiagoan izan, Guadarramako arrazaren familiakoa ere. Euskal ahuntzainak aspaldi dabiltza pirinioetakoa den ahuntzen mota bat lantzen, nahiz eta hemengoak berezko berezitasunak dituen, hala nola, neurriz txikiagoa izatea, azaleraren kolorea eta abarrekoak. Horrexegatik hain zuzen ere, batzuentzat pirinioetako arrazakoa da hemengo ahuntza baina beste zenbaitentzat, berriz, berezko ezaugarriak dituen arrazatzat hartu  beharko litzateke. Desberdintasun txikiak dituzten bi talde daude: Gorbeialdekoa eta Durangaldekoa, azaleraren kolorearen degradazioak argiagoak eta horiagoak dira, txikiagoak ere bai eta ez dira hain iletsuak gorputzean eta hanketan. Enkarterri aldekoek, ordea, gaztain-koloreko degradazioa daukate, orokorrean ez dira horren iletsuak, zertxobail altuagoak eta zerra erorikoak dira.
    "Azpi gorri" izenak hori berori esan nahi du: azpialde gorria daukate. Hori da hausnarkari hauen deskripzioa, sabelaldean, azpizurietan, hanketan eta buruko zenbait aldetan, masailetan, adibidez, gorriskak edo gaztain-kolorekoak diren degradazioak dauzkate. Profil zuzena edo azpiahurra daukaten ahuntzak dira honako hauek, eumetrikoak eta proportzio ertainekoak. Burua sendoa da, bekoki zabalekoa, horizontalki ateratzen diren edo zerbait eroriak diren belarriak dituztelarik. Adarrak, emeetan batez ere, arku itxurakoak dira, muturrean kanpora aldera irekitzen direlarik. Badira ere adarrik gabekoak. Arrek kokospekoa daukate. Hori ez da askotan gertatzen emeen kasuan. Askotan ez daukate kokosperik lepo aldean.
Azpi Gorri arrazako arra          Azpi Gorri arrazako arra

    Enbor zabalekoak dira. Bizkarraldea, zertxobait zelatua. Buztana, motza eta arteza. Ugatzak despigmentatuta dauzkate, baina apatxak, aldiz, ilunak dira. Esnetarako eta haragitarako balio dute animalia hauek, baina gehienetan bizirik saltzen dituzte 12 kg.ko antxumeak apirilaren bigarren hamabostaldiaren aldera. Gaur egun abuztuaren erdialdean estaltzen dituzte emeak eta beraz hurrengo urteko urtarrilaren erdialdera gertatzen dira erditzeak. Aske ibili ohi dira basoetako larreetan eta ez dute ia gizakion parte hartzerik behar. Ekainean, San Juanetan, bildu egiten dituzte parasitoak hiltzeko eta taldean jarraituko ez duten arrak baztertzeko. Abenduaren erdialdean biltzen dituzte baserrira eramateko, erditzeko eta negua bertan pasatzeko. Apirilean jaregiten diete udako larreetara. Lehen sarriago jezten zituzten baina, gaur egun, antxumeek edoskitzen dute esnea.
    Pirinioetako arrazari dagokionez, jatorria Pirinioak hedatzen direneko erkidegoetan duela esan behar da. Azalera aldakorrak ditu baina nabar ilunak dira ugarienak, gorputzaren zenbait ataletan kolore degradazioak badituzte ere.