ERBINUDE ZURIA (Mustela erminea)

Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata (ornodunak)
Klasea: Mammalia (ugaztunak)
Ordena: Carnivora (karniboroak)
Familia: Mustelidae (mustelidoak)
Azpifamilia: Mustelinae
Generoa: Mustela
Espeziea: Mustela erminea

Luzera:
Arrak: 21 - 23 cm
Emeak: 19 - 20 cm
Pisua:
Arrak: 400 g
Emeak: 120 g

    Erbinude zuria edo katazuria oso animalia ederra da. Horrek ekarri dio ornodun honi bere zoritxarra. Larruko zentimetro koadroko 20.000 ile edukitzeak ere ez dio batere lagundu.

    Europako iparraldean gorputz osoa zuri-zuria izaten du neguan, buztan punta izan ezik, neguan zein udan ile beltza izaten baitu. Udan berriz goiko aldea dauka marroi eta azpia zuria da. Europako hegoaldean ez du sekula kolore zeharo zuria lortuko. Ezaugarri hori argi-orduen araberakoa ei da. Kolore aldaketa honek babesa ematen dio elurretan neguan, eta basoan udan.

Armiño

Harremanak

Hermine

    Animalia haragijale hau oso bortitza eta bakartia da. Sekula ere ez du ihes egiten eta aurkariari aurre egiten dio bere atzeko bi hanketan zutituta. 3.400 m-ra bitartean bizi da eta ia edozein ingurutan topa dezakegu, nola hosto erorkorreko basotan hala aintzira edo sorotan.

    Beste erbinude zuri bat topatzen duenean borroka bortitzean sartuko da sekulako oihuak botaz. Jarrera hau aldatu egiten da aurkaria beste sexukoa denean eta arreske garaian.

    Ehiza-lekuan zenbait ezkutaleku izaten ditu eta tarteka aldatzen du bizitokia. Ezkutaleku batera iritsitakoan ipurdi inguruan dauzkan guruin batzuetatik botatzen duen jariakin batez markatzen du etxe berria.

Ehiza

    Zazpi bat urte bizi daiteke baina normalean ez da bi urtetik pasako eta oso gutxi dira 3-4 urtetik pasatzen direnak. Ugaztun gautar honek zazpi zentimetroko buztana du eta oso bizkorra da. Berdin ikus daiteke zuhaitz batera igotzen zein harresi bat saltatzen, zein ibaia zeharkatzen, zabala izanda ere. Arra zein emea poligamoak dira, eta ez dute habiarik egiten; beste karraskarienak (untxienak batez ere) hartzen dituzte eurentzat.

    Mustelido karniboro hau ehizan dagoenean ez da geldirik egoten, beti dago leku batetik bestera belarriak eta begiak mugituz. Noizbehinka, bizkarra okertuta, ingurura begiratzen du.

    Elikagaien artean karraskariak, txoriak, arrainak eta anfibioak ditu, baita intsektuak eta fruituak ere, behar izanez gero. Ehizakietara isilean hurbiltzen da, eta azken mementoan antxintxika batean harrapatzen ditu kokotetik, eta bertan hiltzen ditu.

    Animaliaren bat harrapatzen duenean, tokian bertan odola xurgatuko dio eta hau egin eta gero bere ezkutalekura eramango du atzera berriz ehizatzera irteteko.

Stoat

Kumeak

    Arreske dagoenean arra emeari doakio eta azken hau prest dagoenean estaltzen lagatzen dio. Hori gertatuta emea bere ezkutalekura itzultzen da eta martxo arte ez da benetako ernaldia hasiko. Maiatza inguruan 4-9 kume jaioko dira, begiak itxita.

    5-6 astetan habian mugitu gabe egon eta gero hasiko dira habiatik ateratzen eta ehizan ikasten. Udazkenean familia desegin egingo da.

    Denbora horretan, amak kumeak jaio direnetik, begiak itxita eduki arren, okelaz elikatu eta garbi eduki ditu.

    Emeak 4 hilabetera kumedun geratzeko gai dira nahiz eta arrek urtebete behar izaten duten sexu-heldutasuna lortzeko.

Euskal Herrian

    Euskal Herrian Enkartazioko mendietan eta Pirinioetan topa dezakegu. Oso animalia urria da. Daukan problemarik handiena bere larru politak ekartzen dio. Hau dela eta ehizaki izan da urtetan.

    Gaur egun legez babestuta dago.

Haragijaleak

Euskarazko bilatzaileak: Aurki; Kaixo euskaraz; Jalgi

Munduko bilatzaileak: Google; Yahoo; Altavista; Vivísimo; I-une; Search; Hotbot; Wisenut

Euskal kultura: Berria; Argia; Aldaketa16; Zabalik; EITB; Sustatu; Buber's basque page; Euskaltzaindia; Elhuyar; UZEI; EIZIE; EIE; Bertsozale elkartea; UEU; EHU; Eusko ikaskuntza; Euskomedia; Euskararen ataria

Euskarazko softwarea: Euskarazko software katalogoa; Euskarazko softwarea

Pipok egina. 2004-10-03an eguneratuta. Idatz egidazu: Posta elektronikoa

1