Ibaiak ekosistema ezegonkorrak dira:
ur-korronteak bertako biztanleak etengabe beherantz
bultzatzen ditu, emariaren gora-beherek garraiatu egiten
ditu, ur-kalitatearen aldaketak bizimodua aldarazi
egiten diete... Horrelako baldintzetan iraun ahal
izateko oso moldamen berezia behar da.
Ibai-komunitateko osagai
nagusiak
Landareak
|
Erreka
txikietan albotik eroritako horbela eta enborrak
dira energi iturri nagusia. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Ibaiko ekoizle primarioei dagokienez, alga,
goroldio eta fanerogamo ugari aurki daitezke. Ibaietako
alga dominatzaileak harrietako epilitoneko (alga,
onddo, bakterio, mikroornogabe eta detritusez eraturiko
geruzako) mikroalgak dira, hauetan klorofizeo,
zianofizeo, feofizeo, bazilariofizeo (diatomeo) eta
errodofizeoak egon daitezkeelarik. Alga hauetan bi
motatakoak bereiz daitezke: batzuek (adibidez,
Cladophora klorofitoa edo Lemanea
errodofitoa) kolonia firukarak eratzen dituzte korronte
ertaineko aldeetan, eta besteak (Navicula eta
Gomphonema bezalako diatomeoak, esate baterako)
zelula aske gisara edota kolonia zapaletan (ad.
Rivularia errodofitoa) aurki ditzakegu. Azken talde hau
korronte gogorretan gerta daiteke nagusi, baina maiz
kolonia firukaren gainean ere finkatzen dira.
Goroldioek banaketa hertsiagoa izan ohi dute
ibaietan; beste landareek ez bezala, hauek
karbono-iturri gisara CO2a erabiltzen
baitute. Horregatik, CO2z kargaturiko
iturburuetan eta ur-jauzien inguruetan Fontinalis
izeneko goroldioak dira nagusi. Hauek gaitasun handia
dute harrietara atxikitzeko, eta korronte gogorrenak ere
gaindi ditzakete. Hori dela eta, alde azkarretan dira
ugarien, batez ere harri-bloke handienetan finkatzen
direlarik. Goroldio-komunitateen garrantzi handiena
ingurune karstikoetako sorguneetan ikus daiteke; bertan
karea prezipitatzen laguntzen dute, trabertino
izenez ezagutzen den kararri-mota eratuz, Urederran ikus
daitekeenez.
|
Argiztapen baxuko baldintza hauetan alga
gutxi hazten da, Fontinalis izeneko goroldioak
landare nagusi direlarik. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Ibaietako fanerogamoak makrofito izenez
ezagutzen ditugu. Hauetako, Ranunculus, Potamogeton,
Miriophyllum, Rorippa eta beste hainbat genero aurki
ditzakegu Euskal Herriko ibaietan. Guzti hauen sustraiek
hondo hareatsu edo buztintsua behar dute, eta ondorioz,
alde geldoetan dira nagusi. Sustraien funtzio nagusia
substratura lotzea izan ohi da; elikagai gehienak
hostoetik lortzen baitituzte. Jatorri lehortarreko
landareak izaki, arazoak dituzte ugaltzeko garaian,
gehienak espezie entomofilo (hots, intsektuen
bidezko polinizazioa burutzen dutenak) baitira.
Hori
dela eta, ugalketa begetatiboa da arruntena; ugalketa
sexuala burutzeko, berriz, landarearen zatirik gehienak
urpean egonagatik, loreek airean egon behar dute, eta
horrek mugatu egiten du bizi daitezkeeneko sakonera
maximoa. Uholdeei aurre egiteko, bestalde,
sustrai-sistema hedatu eta sakonak dituzte, eta
bizi-zikloa batez ere perennea. Makrofitoen banaketa
ibaian etengabe aldatzen ari da sedimentazio eta
higaduraren ondorioz, horretarako moldamen nagusia
ugalketa begetatiboa delarik.
Azkenik, oso ibai geldoetan soilik aurki genezake
benetako fitoplanktona eta landaretza flotatzailea;
bestelakoetan ibaian behera garraiatzen baitira.
Flotatzaileen artean eskualde epeletan ohizkoa den
ur-dilista (Lemna minor) eta nenufarea (Nuphar
lutea) ditugu.
Ornogabeak
|
Ornogabeetan garrantzitsuenak horbelaz
elikatzen diren zatitzaileak ditugu. Argazkian
Echinogammarus anfipodoa. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Animaliei dagokienez, errotifero, mikroartropodo
eta horrelakoez osatutako mikrofauna ugaria izan ohi da
sedimentuetan, baina talderik ezagunenak
makroornogabeak dira. Krustazeoek,
platihelminteek, moluskuek, eta batez ere intsektu-talde
askoren larba zein helduek osatzen dute talde hau.
Krustazeoen artean Gammarus anfipodoa ugaria da
horbela metatzen deneko lekuetan, Asellus isopodoa
korronte geldoetan, eta Australopotamobius
ibai-karramarroa alde altu eta ertain gehienetan, batez
ere sarraskiz elikatzen delarik. Intsektuei dagokienez,
heldu hegalariak dituzten talde batzuen larbak aurki
daitezke ibaian. Hauetakoak plekopteroak,
efemeropteroak, dipteroak, odonatuak eta trikopteroak
ditugu. Beste talde batzuetan, berriz, larba zein
helduak urtarrak dira. Hau da hainbat koleoptero eta
hemipterorekin gertatzen dena.
Animalia hauek guztiek antzeko arazoak dituzte
ibaietan bizitzeko: emariaren gora beherek bizi direneko
habitataren neurria eraldatzen dute, korronteak
beherantz garraiatzen ditu, eta predatzaile ugariren
eragina jasan behar dute. Dena den, presio ebolutibo
hauei aurre egiteko oso mekanismo desberdinak garatu
dituzte, eta horrek azaltzen du komunitate hauen
eraniztasuna.
|
Ecdyonurus efemeropteroaren gorputz
zapala aproposa da korronte gogorrei aurre
egiteko, eta harri arteko zirrikituetara sartzeko.
(Argazkia: A. Elosegi). |
Espezie bakoitzak gehien komeni zaion aldean
mantentzekotan, beraz, korronteari aurre egiteko bideak
bilatu behar ditu. Hauen artean arruntena soin-forma
hidrodinamikoa da. Horregatik, efemeroptero eta
plekoptero gehienek harrien gaineko ur-zirkulazio
patroira bereziki moldaturiko gorputz lirainak dituzte.
Efemeroptero heptagenidoak, gainera, zapalak dira;
harrien kontran korrontearen indarra asko murrizten
baita.
Trikopteroen estrategia oso bestelakoa da:
intsektu hauek, harrapakariekiko babesa eskaintzeaz
gain, lastra moduan funtzionatzen duten harrizko zorro
batzuk egin eta bertan babesten dira. Edonola ere,
intsektu guzti hauetan beherantzako garraioa saihestu
ezinekoa da, eta hori dela eta, heldu hegalariek beti
ibaian gora egiten dute arrautzak erruterakoan. Beste
ornogabe askok (platihelminteek kasu) korrontearekiko
babesa harripetan bilatzen dute, eta horretarako
zirrikituetatik aisa sartzen diren gorputz zapal eta
malguak izan ohi dituzte. Korrontea saihestea ez da,
ordea, posible ura iragaziz bizi diren diptero
simulidoentzat.
Hauek beti korronte gogorreneko guneak bilatzen
dituzte, eta bertan harrietara lotzen dira, ipurtaldean
duten gako-koroari esker. Ur-kolpe batek euren lekutik
kanporatzen baditu ere, zeta-hariz lotuta egoten dira
bertara, eta mendizaleak bere babes-sokaz bezala, hauek
hari horretaz baliatzen dira itzultzeko.
Erreka azkarretan oxigenoa eskuratzea ez da zaila
suertatzen, eta bertako bizidun askok (adib.
plekopteroek) oso brankia txikiak dituzte. Ibai
geldoagoetan, berriz, hau ere arazo bilaka daiteke, eta
horrek brankia handiagoak eskatzen ditu. Hori da,
adibidez, Ephemerellaren kasua. Brankiak, ordea,
metatzen diren sedimentuekin kolapsatzeko arriskua dago,
eta hondo hareatsuko inguruneetan beste animalia batzuk
nagusitzen dira: ipurtaldean birika moduan funtzionatzen
duen aire-burbuila daramaten koleoptero ditiszidoak,
edota oxigeno gutxiko sedimentuetan aurki daitezkeen
diptero kironomidoak. Azken hauek, oxigeno eskasiari
aurre egiteko oso hemoglobina-kontzentrazio altuak
dituzte, eta horrek ematen die bere kolore gorri
tipikoa.
|
Korronteari aurre egiteko, eta
harrapakarien aurka babesteko, trikoptero-larba
askok harrizko zorroak eraikitzen dituzte.
(Argazkia: A. Elosegi). |
Ibaietako animaliak, neurri handi batean,
lehorraldetik datozkien materialen menpe daude, eta
lehorreko intsektuek bezalako erlazio espezifiko
hertsiak ezin izan dituzte garatu landare-espezie
konkretuekin. Hori dela eta, elikadura zabalagoa dute,
normalean beren elikatzeko moduaren arabera, talde
funtzional desberdinetan sailkatzen ditugularik.
Talde funtzional hauetariko bat
iragazleena da. Animalia hauek era pasiboan
biltzen dituzte urak garraiatzen dituen partikula finak
(1 mm baino txikiagoak), eta hori dela eta,
partikula-kontzentrazio handi eta korronte dexenteko
guneetan dira ugarien.
Iragazleetakoak baraila adarkatuez ura iragazten
duten simulidoak ditugu, edota harripetan zetazko sare
konikoak eraikitzen dituzten Hydropsiches
trikopteroak. Ura ponpatzen duen Margaritifera
bibalbioa bezalako iragazle aktiboak ere badaude,
partikula organiko eta plankton ugariko ibai handietan
batez ere. Sedimentutan metaturiko partikula finez
biltzaileak elikatzen dira. Hauetan bi talde
bereiz daitezke: batzuk (oligoketoak, adibidez)
sedimentiboroak dira, eta besteek era aktiboan
aukeratzen dituzte partikulak (adibidez, Baetis
efemeropteroak). Horbel asko metatzen deneko lekuetan
partikula handiez elikatzen diren zatitzaileak
dira nagusi. Hauetan lehen aipaturiko Gammarus
krustazeoa edo Sericostoma trikopteroa ditugu.
Harri gaineko perifitonaz elikatzen, berriz,
efemeroptero heptagenidoak edota molusku gastropodoak
bezalako marruskatzaileak aurki ditzakegu. Eta,
noski, ehizakiak daudeneko edonon, odonatu-larbak eta
Perla plekopteroa bezalako
harrapakariak.
Ornodunak
|
Ibaien
goiko alde honi maiz amuarrainen aldea esaten
zaio; hemen berau baita arrain-espezie nagusia.
Salmonido guztiek bezala, ur garbi, fresko eta oso
oxigenatuak behar ditu. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Landare, mikrobio eta ornogabeen komunitate
aberats hauetaz elikatuz, nola ez, ornodun-komunitate
desberdinak ditugu. Lehenik eta behin, arrainak aipatu
beharko ditugu. Hauen komunitateak ibai-gradientearen
arabera banatuta agertzen dira. Horregatik, errekako
lehen alde azkar eta hotzetan amuarrainen eskualdea
dugu. Bertan amuarraina (Salmo trutta) izan ohi
da espezie nagusia, baina horrez gain, Salvelinus
bezalako salmonidoak, ezkailuak (Phoxinus
phoxinus), eta arrain bentiko ugari aurki dezakegu.
Azken hauek zapalagoak dira, eta bentosa edota hegatsen
bidez substratura atxikitzen dira.
Urak
geldotzen hasten direnean, barboen eskualdean sartzen
gara. Hemen ziprinidoak dira nagusi, hala nola barboak
(Barbus sp.), loinak (Chondrostoma
sp.) edota gobioak (Gobio sp.). Oso ibai
geldotan, bremaren (Abramis brama)
eskualdea bereizten da, bertako espezieen artean tenka
(Tinca tinca), zamoa (Cyprinus
carpio) eta horrelako arrainak aurkitzen
ditugularik. Arrain hauetariko asko lurraldekorrak dira,
baina ugaltzeko nahikoa migrazio luzeak egin ditzakete
ibaian barrena.
|
Baldintza hauetan ekoizle primarioek
garrantzia dute, eta algak asko ugal daitezke.
(Argazkia: A. Elosegi). |
Amuarrainen eskualdeko espezie gehienek alde
azkar, hotz eta garbietako txintxarretan egiten dituzte
euren habiak, eta bertan arrautzak errun. Bremaren
eskualdekoek, aldiz, landaretza ugariko lekuetan erruten
dituzte. Dena den, badaude oraindik migrazio luzeagoak
egiten dituzten beste espezie batzuk, bizitzaren zati
batzuk ibaietan eta beste batzuk itsasoan burutzen
dituztelarik. Hauetan izokina (Salmo
salar) eta antzeko arrain anadromoak
(hots, ibaian ugaldu eta itsasoan bizi direnak), eta
aingiraren (Anguilla anguilla) antzeko
katadromoak (itsasoan ugaldu) ditugu. Hauen
migrazioak harrigarriak dira, bai bidaiaren luzeragatik
eta bai gainditu behar izaten dituzten
oztopoengatik.
Hegaztiek ere ibaiaren zonaketa isladatzen dute.
Alde altuenetan ur-zozoa (Cinclus cinclus)
urperatzen da ornogabeen bila, eta ertzetatik
buztanikarak (Motacilla sp.) eta kuliskak
(Actitis macularia) bazkatzen dira.
Arrainez elikatuz, martin arrantzaleak (Alcedo
athis), eta zerra (Mergus sp.) edo arlekin
(Histrionicus histrionicus) izeneko
ahateak ditugu. Ibai geldoetan, berriz, lertxun
(Ardea sp.) eta amiltxoriak (Nycticorax
nycticorax) dira ertzeko iktiofago nagusiak,
murgil handiak (Podiceps cristatus)
urpekoen artean, eta ahate-espezie ugari elikatzen da
landare zein ornogabeez.
|
Ibaialde honetan materia organiko
partikulatu fina ugarigoa izan ohi da, eta
ondorioz, beronetaz elikatzen diren iragazleak ere
bai. Argazkian ikus daitekeen Simulium
dipteroaren larba korronte gogorreneko guneetara
zetaz lotzen da, eta baraila adarkatuen bidez ura
iragazten du. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Hegazti hauetan gehienek badituzte beren parekoak
ugaztunen artean. Adibidez, ibai lasterretan urpeko
ornogabeez elikatzen ur-satorra (Galemys
pyrenaicus) dugu, alde gehienetako iktiofago
nagusia igaraba (Lutra lutra) da, alde
ertainetan bisoi (Mustela lutreola) eta
ipurtatsarekin (Mustela putorius) batera.
Herbiboroen artean ur-arratoia (Arvicola sp.),
kastorea (Castor faber), eta gaur egun
hainbeste buruhauste sortzen ari den koipua
(Myocastor coypu) ditugu. Munduko ibai
handienetan izurdeak eta manatiak ere badaude.
Ibai-komunitateen
funtzionamendua
Ibai-komunitateak, ikusi dugunez, kolonizatzeko
gaitasun handia duten espezie kosmopolitez daude
eratuta. Emariaren gora-beherek etengabeko estresa
eragiten diete komunitate hauei, eta erabat aldatzen
egon behar izaten dute, baina komunitate hauek
malgutasun handia eta errekuperazio-ahalmen aparta dute.
|
Ornogabeen komunitateak arras aldatzen
dira. Algez elikatzen diren molusku (argazkian
Limnaea) marruskatzaileek garrantzi handia
dute. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Urlasterrak garraiaturiko aleen galera
gainditzeko, ornogabeek ezinbestekoa dute ugalketa-tasa
altua eta moldagarritasun dietetiko zabala izatea,
horrek, halabeharrez, lehiarako-gaitasun urria, edota
lehorraldeko intsektuengan hain ugariak diren ezten eta
pozoiak edo antzeko babes-mekanismoen gabezia
ondorioztatzen duelarik. Ekologian bizi-ziklo azkarra,
jaiotze-tasa altua, barreiatu eta kolonizatzeko gaitasun
handia, tolerantzia ekologiko zabala eta lehiarako
gaitasun txikia duten izakiak r estratego izenez
ezagutzen dira, eta hauen adibide izan daiteke hainbat
espezie ibaitar. Uholde eta lehorteak izan dira
ibaietako espezieen eboluzio-faktore garrantzitsuenak,
eta ez da, beraz, harritzekoa bertako komunitateak
birkolonizaziora oso moldatuta badaude.
Kolonizazio-gaitasun handi horri lotuta, eta
duela gutxirarte kontrakoa pentsatzen bazen ere, ibaiak
oso metabolismo altuko guneak ditugu. Ura etengabe
berritzen ari denez, elikagai-kontzentrazioa txikia izan
arren, algek ekoizpen-tasa oso altua manten dezakete
zuhaitzik gabeko ibaietan, eta oihanpekoetan, berriz,
komunitate mikrobianoek oso azkar deskonposatzen dute
iristen den materia organikoa, energi iturri nagusia
animalientzako onddo eta bakterioak izanik.
|
Alde
honetan barboa eta antzeko ziprinidoak nagusitzen
dira. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Iharduera biologiko honek eragina eduki dezake
ibaiko baldintza abiotikoetan ere, eta esate baterako,
oxigeno-kontzentrazioak eta pHak gora-behera itzelak
paira ditzakete egunean zehar, elikagaietan aberats
diren ibai ertainetan batez ere. Ibaiko komunitateak,
beraz, bere inguruneko baldintzak neurri batean
erregulatu egiten ditu, eta oso gaitasun handia du
materia organikoa eta elikagai inorganikoak
prozesatzeko, hots, autodepuratzeko. Lehorraldeko
komunitateen esportazioa itsasora bideratzeaz gain, oso
iharduera handiko guneak dira, eta honen ondorioz,
araztegi natural ezinhobeak.
Ibaien
zonaketa
|
Materia organikoaren kontzentrazioa
handia da, eta Margaritifera bibalbioa
eta antzeko iragazle aktiboak nahikoa ugari izan
daitezke. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Ibaien gradiente fisiko-kimikoek oso
habitat desberdinak eskaintzen dituzte beren
ibilbidean zehar, eta honen ondorioz, komunitateen
zonaketa nabarmena agertzen da. Bereizketa hauek
modu jarraian gertatzen badira ere, ondoko hauek
lirateke Euskal Herriko ibai batean aurki
daitezkeen zona nagusietako bizidunak, eta eratzen
dituzten komunitateen
funtzionamendua.
Iturburuak
|
Ibai
handien sakonera dela eta, bentosak garrantzi
txikiagoa du. Uraren abiadura asko geldotu
denez, planktona ugaltzen hasten da, urari
kolorea emanez. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Euskal Herriko ibai gehienetan iturburua
estaia menditarrean dago. Horren ondorioz, basoak
inguratzen du erreka, eta zuhaitzen gerizpeak
perifiton edota makrofito ugari agertzea eragozten
du. Aurkitzekotan, Rivularia errodofitoa
eta Fontinalis goroldioa aurkituko ditugu.
Errekako energi iturri nagusia lehorraldetik
datorren horbela da, eta ondorioz komunitate
heterotrofikoa dugu; bertan ekoitzitakoa baino
gehiago kontsumitzen baita. Ornogabeen artean
plekopteroak eta efemeroptero zatitzaileak dira
nagusi, eta substratua karetsua den lekuetan
Gammarus krustazeoak. Ur-zozoa, ur satorra
eta amuarraina dira ornodun
adierazgarrienak.
Erreka
ertainak
|
Errekak behera egiten duen heinean,
zabalduz doa, eta ertzeko landaretzaren itzala
ez da hain garrantzitsua. Horrez gain,
topografia homogenoagoa da. (Argazkia: A.
Elosegi). |
Iturburutik kilometro batzuetara (4. eta 6.
ordena bitarteko aldetan) erreka handiagotu egin
da, eta zabalera honen ondorioz argitasun gehiago
iristen da hondora, algak (batez ere elikagai
ugariko erreka kalkareotan, edota arroan nekazal
eremuak dituztenetan) nagusitzen has
daitezkeelarik. Ornogabeen komunitateak, halaber,
asko aldatzen dira: zatitzaileek garrantzia
galtzen dute, eta algez elikatzen diren
marruskatzaileak edo iturburutik garraiatuta
eraman diren partikula finez elikatzen diren
iragazleak ugaldu egiten dira. Amuarrainez gain,
barboak ere aurki ditzakegu. Komunitate hauek
autotrofikoak izan daitezke, hots, bertan
kontsumitzen dena baino gehiago ekoitz dezakete,
materia organikoaren soberakina beheko aldeetara
bideratuz.
Ibai txikiak
6. eta 8. ordena bitarteko ibaietan
sakonera nahikoa handiagotu da, eta korrontea
txikiagotu. Honen eraginez makrofito (Euskal
Herrian Miriophyllum izenekoa oso ugaria
da) asko egon daiteke hondoan, eta faunari
dagokionez, biltzaile eta iragazleak dira nagusi.
Arrain-dentsitateak (batez ere ziprinidoak) hemen
dira maximoak, eta berauetaz elikatzen diren
ugaztun eta hegaztientzat, beraz, leku aproposa
dugu.
Ibai handiak
|
Landaretza flotantea ibaiaren alderik
geldoenetan nagusitzen da. Ur geldo hauetan
zamoa eta antzeko arrainak dira nagusi
(Argazkiak: A.
Elosegi). |
Hauetan sakonera hain handia denez, hondora
ez da argirik iristen, eta ondorioz, ekoizle
bentikorik ez dago. Landaretza flotantea eta
planktona, aldiz, garrantzitsu izan daitezke. Dena
den, ibai hauek heterotrofikoak dira; goitik
datorren materia partikulatu fina baitute energi
iturri nagusi. Iragazle (hauen artean hainbat
izaki planktoniko) eta sedimentiboro dira
ornogabe-mota garrantzitsuenak, eta ornodunen
artean, ur geldoetako arrainak. Garrantzi handia
dute ibai ertzeko ureztapen-lautadek, eta bertan
ezartzen diren soto edo
galeria-oihanak. | |